Udazkeneko Kulturaldiari asteburuko ekitaldiekin bukaera emanen zaio

TTIPI TTAPA 2008ko otsailaren 27a

Lesakako Tantirudantza taldeak emanaldia eskainiko du larunbat arratsaldeko 19:30etan frontoian, Udazkeneko Biraren barrenean. TTIPI TTAPA

Lesakako Tantirudantza eta bandaren emanaldiak izanen dira larunbat eta igandean

Joan den larunbatean abiatu ziren Ekaitza elkarteak, Bortzirietako Euskara Mankomunitateak eta Herriko Etxeak antolatutako kultur egunak eta heldu den asteburua ere hartuko du urtaro honetako kulturaldiak. Bi astehondarrez eta bortz egunetan, kultur eta kirol ekimen ezberdinez hornitua dago egitaraua. Joan den larunbatean eta igandean, Gorringo antzerki taldea eta kirolariak izan ziren hurrenez-hurren; eta joan den astelehenean, urte saila batetik hunat, Ekaitza elkarteak antolaturiko Baserritarren eguna izan zen. Dozenaka postu eta lagun bildu ziren azoka bilakaturiko frontoira: baserriko produktuak eta tresna zaharrak, eskulanak, ostatua, zozketa, bertsolariak, bazkaria, trikitilariak... guziak ere eguneko osagaiak izan ziren. Hurrengo alean, informazio osotuagoa emanen dizuegu. Udazkeneko biraren barrenean, larunbat honetan, Lesakako Tantirudantza taldeak emanaldia eskeiniko du 19:30etan frontoian.

Igandean berriz, Lesakako Bandak emanaldia eskeiniko du 12:30etan plazan. Euria egiten badu, emanaldia frontoian izanen da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun