Aitor AROTZENA Udal igerilekuetako bat estaltzeko egitasmoa Berako Udalak hartuko duen erabakiaren zain dago. Etxalar, Igantzi eta Arantzako Udalek baiezkoa eman diote proiektuari, baina hiru herri hauetako eta Lesakako biztanleak elkartuta ez da Nafarroako Gobernuak dirulaguntza emateko eskatzen duen 5.000 bizilagunetara ailegatzen. Horretarako Berako Udalaren baiezkoa beharrezkoa da. Gai hau aztertuz Beran egin zuten batzarrean, Aralar proiektuaren alde agertu zen, Herrialde kontra eta EAk baiezko baldintzatua eman zuen. Hain zuzen, etorkizunean Beran horrelako igerileku estali bat egiteko aukera ez du baztertu nahi EAk eta hori izan zen Beran onartu zena. Nafarroako Kirol eta Gaztediaren Institutuak hori ikusi duenean, Lesakako igerileku estalia ezin dela subentzionatu erabaki du: «Horretarako etorkizunerako baldintzarik gabe uko egin beharko lioke aukera horri Berako Udalak, Etxalar, Arantza eta Igantzik egin duten bezalaxe. Hori ez bada horrela, ez da dirulaguntzarik izanen». Geroztik, Udalak bilera gehiago egin ditu Bortzirietako bertze herrietako udal ordezkariekin eta momentuan, Berako Udalaren behin betiko erantzunaren esperoan daude. Juan Fermin Mitxelenak alkateak jakinarazi duenez, «lanak azaroan hasi beharko lirateke beranduenez eta aurten ez bagara ailegatzen, heldu den urtean hasi beharko genuke, uda ondotik». Nafarroako Gobernuaren laguntzarik gabe ezinezkoa izanen litzateke lan hori hastea. Izan ere, Bidasoa Arkitekturak prestatutako aurreproiektuaren arabera, hasierako aurrekontua 781.315 eurokoa da (130 milioi pezeta). Igerilekuko ostatutik begiratuta, ezkerreko putzua estali eta sei lerroko harmaila eginen litzateke. Lehen solairuan harrera, komunak eta aldagelak eginen lirateke eta bigarren solairuan, 152 metro koadroko gimnasioa. Eraikin berria, gaur egungo aldagela eta ostatuarekin lotuko litzateke.