Baserritarren eta Feria Eguna egitarau zabal-zabalarekin

TTIPI TTAPA 2008ko ots. 27a, 11:59
TTIPI TTAPA

Asteazkeneko egitaraua indartu nahi da

Azkeneko urteetako ohiturari segituz, bi egunetan banatuko dira Bortzirietako ferien ospakizunak, aurten azaroaren 24an eta 25ean. Asteazkeneko Merkatu Eguna motelagoa izaten da eta biharamoneko postuak banatzeaz aparte, Ajoarriero lehiaketa antolatu du azken urteetan Beti Gazte elkarteak eta musika jarri du Udalak. Aurten, egun honi indar berezia eman nahi izan zaio eta izena ere aldatu diote. Aurten Baserritarren Eguna izanen da asteazkena eta sektore honi interesatzen zaion gai baten inguruan solasaldia izanen da Kasinoan, 18:00etan. Hain zuzen, herri lurrei edo komunalari buruz arituko da Jesus Garitazelaia teknikaria, udaleko Mendi Batzordeak antolatu duen hitzaldi interesgarrian. Ordu berean, ajoarriero lehiaketa eginen da. Normalki, Herriko Etxearen arkupetan egiten baldin bada ere, aurtengoan udalak hiru egunetarako hartu duen karpa azpian eginen da, plazako aparkalekuan. 19:00etatik aitzinera, Lesakako musika eskolarekin kalejira abiatuko da eta karpan akautuko da. Bertan, lehiakideek prestatutako ajoarrieroaz gain, kupel bat sagardo, gaztain erreak, talo egileak, bertsolariak eta trikitilariak izanen dira, giroa alaitzen. Dena den, ortzeguneko feria eguna izanen da bisitari gehien erakarriko duen eguna. Goizean azienda feria eta artisau erakusketa eginen da. 11:00etan plaza zaharrean aizkolariak arituko dira: Donato Larretxea eta Xabier Mindegia; Mikel Mindegia eta Bizenteren kontra. Gero, Joxe Bikondoak altueran moztuko du enborra. Xebastian Lizaso eta Andoni Egaña bertsolariak arituko dira kioskotik eta azienda lehiaketako sariak banatuko dira. Joan den urtean dexente igo ziren sariak eta aurten mantendu eginen direla jakinarazi dute Herriko Etxetik. Bazkaltzeko tenorea ailegatu izanen da ordurako. Bazkalondoan, 18:00etan, pilota jaialdia izanen da udal pilotalekuan, Asegareceren eskutik. Lehenik, Saralegi eta Medina; Eguskiza eta Eskuderoren kontra arituko dira eta partida nagusian, Asier Olaizola goizuetarra eta Iñaki Otxandorena oronoztarra, Oinatz Bengoetxea leitzarra eta Patxi Ruizen kontra arituko dira. Feria Eguna euskal dantza giroan akautzeko, 19:30etatik aitzinera dantzaldia izanen da Plaza Zaharrean Patxi Perez eta Batbiru taldearekin.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun