Kafe-antzerkirako beka deialdia eginen da berriz ere Bortzirietan

TTIPI TTAPA 2008ko otsailaren 27a

Gaizka Sarasola, 2004ko bekaren irabazlea, udal eta mankomunitateko ordezkariekin TTIPI TTAPA

Azaroan kafe-antzerki zikloa antolatu da Beran

Bortzirietako Euskara Mankomunitateak, Berako Udalak eta Etxalarko Udalak, hirugarren urtez, Kafe-Antzerkirako Beka aurkeztu zuten urriaren 22an Etxalarren egindako prentsaurrekoan. Beka honen bidez, euskaraz sortutako proiektuak lagunduko dira, inon argitaratuak edo plazaratuak izan ez direnak, eta bertze bekarik edo saririk jaso ez dutenak. Euskal sortzaileei bultzada ematea eta gure herrietan formato txikiko lanak taularatzea dira 2.000 euroko beka honen xedeak.
Curriculumak eta txostenak 2005ko urtarrilaren 30 baino lehen aukeztu beharko dira Bortzirietako Euskara Mankomunitatean.

2004an saritutako egitasmoaren aurkezpena

Gaizka Sarasola, Mairu Antzerki Tailerreko kidea, 2004an saritutako antzezlanaren egilea da. «Erregea, soldadua eta bufoia» antzezlana, bekako oinarrietan jasotzen zena konplituz, Beran eta Etxalarren antzeztuko dute. Urriaren 23an egin zuten Etxalarren eta Beran, azaroaren 19an, euskara batzordeak urtero antolatzen duen Kafe-Antzerki Zikloaren egitarauaren barne, gaueko 22:00etan, Ikuilu ostatuan.

Berako kafe-antzerki zikloa

Aurten ere, Berako Euskara Batzordeak, Udaleko Kultur Batzordearen laguntzarekin, Kafe-Antzerki Zikloa antolatuko du. Euskarazko formatu txikiko obrak taularatzea da helburua, eta antzerkia, ohikoa ez den giro edo lekuetara hurbiltzea. Egitaraua osatzeko, Mairu Antzerki Tailerraren antzezlanaz gain, Antzerkiola Imaginarioaren bi antzezlan taularatuko dira. Azaroaren 5ean hasiera emanen zaio zikloari, Kaputen Kanta antzezlanarekin, 22:00etan izanen da, Eguzki tabernan. Azken emankizuna azaroaren 26an izanen da, ordu berdinean, Bidaxkan. «Fitola balba, karpuki tui» antzezlana eskainiko digu Antzerkiolak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun