«Nere ilusiorik handiena Bidasoako Trena berriz ere martxan ikustea da»

Joseba OLAGARAI 2008ko otsailaren 27a

Antonio de la Cruzek trenekin duen afizioa ez da bere maketan bukatzen, bere bizitzako ilusiorik haundiena Bidasoako Tren Txikia berriz ere martxan ikustea baita. TTIPI TTAPA

Gizon kuriosoa da goitiko argazkikoa, Antonio de la Cruz. Bera eta trenak: izena eta abizena. Ikaragarria da trenekin eta horien inguruko guztiarekin duen afizioa. Madrilen sortua eta han eman du bizitzaren zatirik handiena Antoniok. Bere emazteak, ordea, Irunen du familia, eta horregatik, ttikitatik ezagutu du gure eskualdea. Jubilatu zenean honat etorri ziren biak. Beran etxea erosi eta bertan bizi dira azkeneko 10 urtetan. Guk bisita egin diegu, Antoniorekin solastu eta sotoan duen tren-maketa ikusgarria ezagutzeko.

Zortzi urtetatik omen du trenekin afizioa Antonio de la Cruzek. Orduan ikusi zuen bere lehenbiziko trena Madrileko “Estación del Norten”.
«Baporezko lokomotora ikaragarri haiek ikusi nituenean, mugitzen eta kea botatzen… halako inpresioa egin zidan, nik uste orduantxe engantxatu ninduela bizitza guzirako. Baporezko tren bat ibiltzen ikustea munduan dagoen ikuskizunik ederrenetakoa dela uste dut. Gisa horretako mastodonte bat ur beroarekin bakarrik baliatuz ibil daitekeela pentsatzea, gizonak egin duen asmakizunik hoberenetakoa dela argi eta garbi dut. Ez dago munduan hori gainditu dezakeenik». Seiluena edo pinturarena bezala, trenaren afizioa ere hagitz handia dela erran digu Antoniok. Munduan 200 aldizkaritik goiti argitaratzen omen da trenen inguruan. 200 marka baino gehiago dago trenak egiten dituena eta Antoniok erran digunez «nahi izanez gero milaka eta milaka katalogo erakutsiko nizkizuke. Afizioa ikaragarria da, baina orokorrean, nahiko gordea eramaten dena. Ez da inoiz akabatzen. Nik 60 urte ditut eta oraindik aunitz dut ikasteko. Honek engantxatu egiten du».
Antonioren afizio hau “hagitz normala” ez dela erranen lukete aunitzek. Izan ere, hainbertze maite du trenaren mundua eta honen inguruko guztia bere etxean ikaragarrizko maketa egina duela, tren estazio ikusgarri batekin. «Trenarekin duen afizioaren barrenean etapa desberdinak bizitzen dituzu. Lehenengo aitak oparitutako tren ttikia nola ibiltzen den ikustearekin gozatzen duzu, gero benetazko trenbidea miresten duzu, eta azkenean, maketa bat egin. Hondarrerako zuk zure diseinuak egin nahi izaten dituzu. Izan ere, merkatuan ez dago zure herrialdean egon diren trenik, eta nik hemengo trenak sartu nahi nituen nire maketan. Horrelaxe hasi nintzen orain dudan maketa egiten».
Antoniok bortz urte daramazki bere maketa egiten baina oraindik ez du akabatua. Halere, lanik handiena betea du, zirkulazio eta elektronika kontu guztiak eginak baititu. Eta zer nolako lana gainera! 300 metro kable baino gehiago erabili ditu bere maketan. «Poliki-poliki hasi nintzen. Betidanik izan dut nire maketa propioa izateko ilusioa, baina leku falta izan dut arazoa, leku handia hartzen baitu neurri honetako maketak. Paris, Alemania, Madril eta bertze hainbat lekutan hainbertze maketa ikusi ditut, eta horiek ikusita, duela bortz urte hasi nintzen nirea egiten etxean. Lan handia du; zurgin lana, infraestruktura lana, elektronika lana, trenaren ezagutza lana... eta bertze hainbat. Nahi izanez gero merkatuan gauza aunitz saltzen dira baina nik neronek egin dut den-dena».
Etxetik ateri eta jendeari erakustea aunitz gustatuko litzaioke Antoniori, baina maketa egina dagoen moduan, hori ezinezkoa dela erran digu. Izan ere, ez omen du kableen konektorerik, zatitu eta mugitu ahal izateko. Bertatik bertara ikusi nahi duenak Antonioren etxera hurbildu beharko du.

Nola egin duzu maketa ikusgarri hau?

Dekoratua “poliespan”arekin egina dut, soplete edo soldadore batekin forma eman eta pintura desberdinekin margotua. Trenbidea marka ingeleseko material batekin osatua dago. Estazioa kartoizkoa da. Maketa guztian bidaiarien irudiak daude, ahalik eta modurik errealenean eginak. Semaforoak ere bai. Gero, estazio guztietan hain garrantzitsua den depositoa dago. Espazioa ahalik eta hobekien aprobetxatzeko moduan egina dut maketa. 80x120ko moduloez dago osatua. Estrukturak benetazko ibilbide bat irudikatzen du. Hainbat tren ateratzen dira eta zirkulazioa automatikoa du ibilbide osoan, estazioan kenduta. Tren-estazioa da maketa osoan atentzioa gehien ematen duena, ia erreala ematen duelakoz... Bai, Irungo estazioaren gisakoa da nire maketako tren-estazioa, sarrera-irteerak dituena. Zazpi trenbide ditu, denak funtzionalak eta trenak sartu-ateri estazioko nagusiaren agindura egiten dira. Estazioaren sarrera kontrolatzen dituen semaforoak daude, okupatutako trenbide batean tren bakar bat ere sar ez dadin. Semaforo guztiak automatikoak dira eta trenak errealitatean bezala kontrolatzen ditu. Maketan hamalau tren dituzu. Nola jartzen dituzu martxan? Maketa guztia aginte-koadro batetik mugitzen dut. «Izkutuko» estazioa dago hor, egiazko estazioaren azpian dagoena. Bertan lau tren gehiago daude, banaka-banaka ateratzen direnak. Estazioko ateraldi eta sarrera guztiak kontrolatzen dira, baita semaforoak ere. Nire maketan edozein trenek nik nahi dudan maniobra egiten ahal du. Aginte-koadrotik dena kontrolatzen dut.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun