«Euskararen aldeko konpromiso zehatza eskatzen du Bai Euskarari Akordioak»

TTIPI TTAPA 2008ko ots. 27a, 11:11
Iker IGOA Berako euskara zinegotzia TTIPI TTAPA

• Iker Igoa Berako euskara gaietarako zinegotzia da eta Bai Euskarari akordiorako Bortzirietako Euskara Mankomunitateko ordezkaria.
• Irailaren 29an sinatu zen Kontseilua eta Euskara Mankomunitatearen arteko elkarlan hitzarmena.
• Urriaren 15ean egin zen mankomunitatearen batzar orokorrean euskalgintzari Bai Euskarari Akordioa aurkeztu zitzaion. Abenduan gizarte eragileei zuzenean eginen zaie aurkezpena.

Zein urrats eman dituzue Bai Euskarari Akordioaren barnean?

Mankomunitatearen ekaineko bileran hitzarmena sinatzea erabaki zen eta hori irail hondarrean egin genuen ofizialki. Gero, urriaren 15ean egin zen mankomunitatearen batzar orokorrean euskalgintzari Bai Euskarari Akordioaren aurkezpena egin zitzaion eta abenduan gizarte eragileei zuzenean eginen zaie aurkezpena, ekitaldi handiago batean. Ordura arte sentsibilizazio eta kaleratze garai honetan gaude. Gero hasiko litzateke konpromisoak hartzeko lana.

Zer da zehazki Bai Euskarari Akordioa eta nola gauzatuko da?

Azkenean, euskararen normalkuntzan gizarte eragileei konpromiso zehatzak eskatzea eta horiek paper gainera eramatea da. Konpromiso hori hartzen dela adierazteko ziurtagiri bat ematen da, baina jarraipen bat egiten da eta hemendik urtebetera konpromiso horiek ez badira bete ziurtagiria kenduko da. Orain arte sinadurak eta atxikimenduak eman izan dira, baina orain konpromiso zehatza eskatzen da eta horren kontrola ere eginen da.

Konpromiso zehatz horiek zertan gauzatuko dira?

Hiru ziurtagiri mota daude. Bat, Bidean izenekoa. Gaur egun euskaraz deus egiten ez den erakunde edo leku horretan lehendabiziko pausua ematea da, seinalizazioa euskaratuz, agiriak elebitan paratu edo horrelako gauzak eginez. Bigarren ziurtagiriak, Guk Zerbitzua Euskaraz izenekoak, ematen duen zerbitzua euskaraz emateko bertze pausu batzuk eskatzen dizkio eragileari: fakturak eta papertegia euskaraz egitea, harrera euskaraz izatea… Honek ez du barne funtzionamendua erabat euskaraz izatea eskatzen. Hori hirugarren ziurtagiria izanen litzateke, Guk Zerbitzua eta Lana Euskaraz izenekoa.

Noiz hasiko zarete konpromiso hauek eskatzen?

Sentsibilizazio eta kaleratze kanpaina honen ondotik, abendua-otsaila artean konpromisoak lortzeko garaia etorriko da. Horretarako Mankomunitatetik bi pertsona kontratatuko dira urtarrila eta otsailean, atez ateko lana egiteko: eragileak bisitatu, hau dena azaldu, zein konpromiso betetzen ahal dituzten ikusi…

Baztan eta Leitzaldean lehendik ere egin dela kontuan hartuz, Bortzirietako gizarte eragileen aldetik zein harrera espero duzue?
500 eragile baino gehiago ditugu zerrendetan. Gonbitea horiei guziei eginen zaie eta ez dakigu erantzuna nolakoa izanen den. %10 konpromiso zehatzak hartzen hastea kopuru polita izaten ahal da. Hasiera batean ekimena ez zaie zuzenduko Osasun Zentroei, konpetentzia Nafarroako Gobernuarena delako, eta lantegi haundiei, Mankomunitatean Lan Munduko Batzordea horretan ari delako. Komertzioak, lantegi ttikiak, ikastetxeak, autonomoak, elkarteak… sartuko dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun