Heldu den larunbatean, azaroaren 20an, jokatuko dira Lesakan Bortzirietako Binakako IV. Txapelketaren finalak. Ailegatu da, beraz, hilabete pare bat iraun duen lehiari akabila emateko ordua. Bortzirietako herriek txandaka antolatu ohi dituzte finalak, eta azkeneko banakakoak Beran jokatu zirenez, aurtengoan Lesakari egokitu zaio binakako ekitaldia hartzea. Arantza, Bera, Etxalar, Igantzi, Lesaka, Hondarribia, Irun eta Hendaiako132 pilotari aritu dira astero-astero eskualdeko pilotalekuetan banatuta, 6 urte inguruko ttikienetatik hasi eta 15 urteko kadeteak arte banatutako mailetan: ttikiak, umeak, kimuak, haurrak eta kadeteak. Maila horiek, kadeteak izan ezik, bi azpimailetan daude banatuak gainera, A eta B, partehartzea bultzatu eta konpetizioa ahalik eta berdinena izan dadin ahalbidetzeko. Bortziriak Pilota Elkarteak antolatzen duen txapelketaren final hauek 9:30etan hasiko dira ttikiak B mailako finalarekin eta eguerdia izanen aisa 9 partidak akautzen direnerako. Ondotik sari banaketa izanen da, bai finalak jokatu dituzten pilotarientzat eta baita parte hartu duten guzientzat ere. Urtero bezala, txapelketari akabila emateko elkarrekin bazkalduko dute pilotari, guraso, Udal ordezkari eta antolatzaileek. Bertzalde, atsedenik hartu gabe, hurrengo igandean hasiko dira Banakako Txapelketaren partidak. Hilbeltzaren ondarrera arte iraunen du eta oraingoz Bortzirietako pilotariak bertzerik ez dute jokatzen.