Berako Udalak justizia epaitegietara joko du, herriaren izen ofizial bakarra Bera izan dadin eta ez Bera/(Vera de Bidasoa, Nafarroako Gobernuak agindu duen bezala. Berako Udalak abokatua eta prokuradorea kontratatuko ditu, joan den urteko abenduan udalbatzarrak hartutako erabakia defendatzeko. Honelaxe erabaki zen azken udal batzarrean, Josu Iratzoki alkateak egindako proposamena ahobatez onartu zenean. Batzar honetan ANVko lau zinegotziak, EAko hiruak eta Aralar eta PNVko bana izan ziren.
Aurrekariak Orkoien eta Lizarran
Aipatzekoa da Nafarroako Gobernuak ez zuela Berako Udalak egindako eskaria onartu, bere ustez 1986ko Euskararen Legearen aurkakoa delako, baina Berako alkate-zinegotziek aipatu dutenez, aurrekariak badaude, Orkoien eta Lizarrako kasuak adibidez, eta epaitegietara jotzea erabaki dute.
Kodigo postalak ezarri zirenetik antzeko izena duten herriekin nahasteko arriskurik ez
Berako udala ikerketa historikoetan oinarritu da, herriaren izena betidanik Bera izan dela segurtatzeko. 1366ko agiri batek horrelaxe dio, baita Euskaltzaindiak prestatutako txostenak ere. Gainera, posta kodigo zenbakiak ezarri zirenetik, bertze herriekin izaten ahal ziren antzekotasunak ere gaur egun ez direla arazo uste dute Berako udal hautetsiek. Horixe izan zen, hain zuzen, Vera de Bidasoa ezartzeko onartu zen Erret Dekretuaren arrazoia.