Udazkeneko Kulturaldia arrakastatsua izan da aurten ere

TTIPI TTAPA 2008ko ots. 26a, 14:40
TTIPI TTAPA

Baserritarren Egunean herriko hogeita hamasei postu izan ziren

Udazkeneko Kulturaldia urriaren 30ean abiatu zen. Dozenaka ume eta gurasok Gorringo taldearen antzezlanarekin eta berenduarekin gozatuz, larunbat arratsalde gozagarria pasatu zuten. Biharamon arratsaldean, berriz, harrijasotzaileek eta aizkolariek emanaldia eskaini zuten, gainezka ageri zen frontoian. Arratsean mus txapelketak izan ziren elkartean. Gaztetxoek eta helduek mus jokoak egin zituzten.

Azaroaren 1ean, bederatzigarren baserritarren Eguna izan zen Ekaitza elkartearen ekimenez. Arrakastatsua izan zen eguna, borobila dudarik gabe. Frontoia eta plazaren guneak baserriko produktuz, aziendaz, tresna zaharrez, lorez, gozokiz, taloz, eskulanez, arropez… hornituak izan ziren.

Guzira 36 postu paratu zituzten aranztarrek:

Errefelenborda, Ilargi okindegia, Zapatibaita, Fermin Elizondo, Mendialde, Bidegain, Toanekoborda, Martisenea, Bixentiko Arozena, Toki-Ona institutua, Serorinborda, Bortzak Bat kooperatiba, Belen Mutuberria, Jesus Mari Madariaga, Larrainekoborda, Senberro, Barrazabal, Urdingoborda, Panttaleon Errandonea, Inddurtzain, Luis Madariaga, Adaxka, Txanekoborda, Maroñenborda, eskulanetako taldea, Otsarra, Gazte Asanblada, Martisenekoborda, Felix Apezetxea, Simonea, Errenea, Eskerrenekoborda eta Inddurrenea.

Herriko trikitilariek ere emanaldia egin zuten eta Jon Martin eta Xabier Zeberio bertsolarien emanaldia ere izan zen frontoian. Ondotik, bertako produktuez betetako zarea zozketatu zen eta Xabier Mayordomo gazteari egokitu zitzaion. Nafarroako Kutxak entziklopedia zozketatu zuen parte hartu zuten postuen artean eta Tuanekobordari egokitu zitzaion. Lesakako Tantirudantza eta bandaren txanda izan zen azaroaren estreineko asteburuan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun