«Artzaintza Igantziarrentzat» izanen da abenduaren 8ko bestaren gaia

TTIPI TTAPA 2008ko ots. 26a, 14:36
Ardi, artzain eta zakurrek harreman handia dute Igantzirekin argazkian ikusten ahal den ekitaldiaren bitartez. Biltoki Elkarteak gai horretan gehiago sakonduko abenduaren 8ko bestan. TTIPI TTAPA

Biltoki Elkarteak antolatzen duen abenduaren 8ko bestak emanen dio, urtero bezala, akabila Igantziko Kultur Egunei. Egun hauetako egitarau osoa hurrengo alean aipatzeko aukera izanen dugu, baina oraingoan, jendeak prestatzeko eta beharbada parte hartzeko aukera izan dezan abenduaren 8ko bestaren berri emanen dugu. Orain bi urte “Igantziko saskigileak” eta iaz “Kirola Igantzin” izan ziren egun honetako gaiak. Aurtengoa, erran bezala, “Artzaintza igantziarrentzat” izanen da. Oraindik zenbait ekitaldi lotzeko omen daukate, baina bistakoa denez eguna ardia eta artzaien inguruko gaiekin betetzeko asmoa daukate. Gazta lehiaketa eginen da, kaikugile bat ere lanean paratzeko asmoa dago eta erakusketa ttiki bat ere izanen omen da. Arratsalde edo ilunabarrean, berriz, taloak, gazta eta sagardoa izane da hurbiltzen den guziarentzat. Orain arte prestatu dituzten ekitaldiak ikusita, dudarik ez egin egun ederra izanen dela.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun