Udalak egindako azken batzarrean, Ibardingo Merkataritza, Ostalaritza eta Zerbitzuen Elkarteak eskatuta, Ibardinen eraiki nahi duten gasolindegiaren zerbitzua gizarte intereseko deklaratzea onartu du, baldin eta zerbitzu-gune honetatik datozen irabaziak azpiegitura eta zerbitzuen hobekuntza eta mantenimendu lanak ordaintzeko erabiltzen badira. Horrela gaur egungo azpiegituren gabeziak hobetuko dira Bera eta bertako bizilagunentzat garapen eta dinamismo soziekonomiko eta laborala bermatuz. Aipatu funtzio hau betetzen ez den unetik, Gizarte Intereseko deklarazioak bere efektu guztiak galduko ditu. Gasolindegia udalaren lurzorua izanik, herriak azpiegura honetatik aterako diren irabazietatik kopuru proportzionala jasoko du, udalarentzako urteroko diru sarrera zuzena izanik, eta aldi berean, udal lurzoruaren jabetza hori ez du galduko. Erabaki hau hartzeko orduan, Aralarrek ez du aldeko botua eman. Zinegotziek ez dute gasolindegia oztopatu nahi baina ez daude ados hirigintza arloan gauzak egiten ari diren moduarekin, beste herritarrei exigitzen zaiena ez bait zaie exigitzen ari. Gainera Aralarrek dioenez, ez da oraindik komenioa sinatu eta komertzianteak zerbitzu-gunea laister idekiko dela iragartzen ari omen dira. EArentzat aldiz, hirigintzarena eta gizarte intereseko izendatzearena bi gai desberdin dira eta Ibardingo komertzianteekin egindako azken bilkuran aipatu omen zitzaien baimen guztiak eskatzeko. Gainera, EAk dio gasolindegia gizarte interesekoa dela onura guztiak azpiegitura eta zerbitzutarako erabiliko direlako. Herrialdek ere aldeko botua eman zuen.