Negozio txikia administratzeko ikastaroa eskaintzen du Cedernak

TTIPI TTAPA 2008ko ots. 26a, 14:21

Alkaiagako Enpresa Zentroan emanen da abenduaren 9tik 17ra

Cederna-Garalur elkarteak, ANELen lankidetzarekin, Negozio txikia administratzeko ikastaroa eskaintzen du. Fundanelek antolatu eta emanen duen ikastaro hori Cederna-Garalur Elkarteak Nafarroako mendialdean dituen hiru Enpresa Zentrotan emanen da, Arbizun, Izizen eta Lesakan. Lesakako Alkaiaga industrialdean, zehazki, abenduaren 9tik 17ra emanen da.

Beren lana sortu duten edo sortze bidean dauden, eta beren negozioa modu eraginkor eta autonomoan kudeatzeko prestakuntza gehiago behar duten pertsonei zuzenduta dago bereziki prestakuntza-ekintza hori. Hala ere, zerbitzu-kalitatearen, administrazioaren eta finantza eta kontabilitate kudeaketaren arloan oinarrizko ezagutzak eskuratu nahi dituen edonork egin dezake.
Ikastaroa lau modulutan banatuta dago: zerbitzuen kalitatea, kontabilitatea, finantza-kudeaketa eta zerga-arloa. Ikastaroan izena emateko kuota 50 eurokoa da, eta partaideak izen-ematearen ordena zorrotzean onartuko dira, gehienez ere 20 lagunek har baitezakete parte.
Prestakuntza-ekintza honetan interesa dutenak ikastaroa jasoko duen Enpresa Zentroarekin jar daitezke harremanetan. Horretarako, Lesakako Bidasoa Enpresa Zentroaren 948 625122 telefonora deitzen ahal da (BegoƱa Iparragirre).

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun