30 urteren ondotik legalizatu gabe segitzen du Labiaga Ikastolak

ttipi-ttapa 2008ko ots. 26a, 14:16
Joxan Oiz, Berako Labiaga ikastolako zuzendaria Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikastetxearen atarian. Hamar urte daramate legalizazioa eskatzen eta hori lortzeko mobilizazioak egiten. TTIPI TTAPA

Ostiko franko hartu eta traba zenbait pasatu ondotik 30 urte bete ditu aurten Berako Labiaga Ikastolak. Hala ere ospakizun hau ez da Labiagako ikasle, irakasle eta gurasoek nahiko luketen bezain pozgarria izan. Izan ere, hamar urteko borrokaren ondotik or

Duela 30 urte izan zen guraso eta lagun talde batek Ikastola sortzeko erronka hartu zuela. Ez ziren garai erraxak baina talde honen gogoak, ilusioak eta lanak poliki-poliki proiektu hura aitzinera ateri zuen. Ibilbide luze horretan hamaika oztopo eta traba pasatu behar izan dituzte eta horien artean DBHko legalizazio kontuak izan dira burukominik handienak eman dizkietenak. Izan ere, 1994tik aurten arte, ziento bat harat-honat egin dituzte administratiboki eta judizialki. Ez dute oraindik deus lortu eta ikastolak legalizatu gabe segitzen du. Joxan Oizek erran digunaren arabera «10 urte eman ditugu indarrak gastatzen behar ez genukeen gauzetan. Ikastola ez da Nafarroako Gobernuak baimendutako edo homologatutako zerbait, baina izan, bagara. Gu ez gara izkutuan dabilen talde klandestinoa. Espero dugun gauza bakarra errekonozimendu minimo bat da. Ez dugu eskatzen inork erratea gu garela onenak baizik eta zenbait gurasok aukeratu duten eredu linguistiko eta pedagogiko bat garatzea. Alde horretatik arantza haundi bat dugu, gure eskubideak direnak aldarrikatzeagatik zenbait jende eta erakundek erasotzat hartzen dutelakoz. Guk aukera bat egin dugu eta aukera hori garatzen uztea eskatzen dugu. Iduritzen zaigu zenbait jendek espero duela halako uniformetasun edo monopolizazio bat egotea irakaskuntzan eta guk ez dugu eskatzen horrelakorik. Bertzerik gabe lana egiten uztea, ongi edo gaizki, baina uztea. Era prekario batean ari gara aspalditik baina aitzinera segitzeko intentzioa dugu».

Egoera honekin gehiago ezin eta, Nafarroako Parlamentuan izan ziren joan den urriaren 27an euren egoera azaltzen, edo Joxanek dioen bezala «gure penak eta miseriak kontatzen». Hainbat alderdiren aldekotasuna jaso zuten eta bertze batzuk berriz “mus” edo “paso” egin omen zieten. «Hala ere erran behar dugu sentsazio mingarria eman zigula Nafarroan guztiz eskuindar eta anti-euskaltzalea den UPNren aldetik argudiatzerakoan erabili zuten irizpideak, hain xuxen hemen Bortzirietan gure bizikide, bizilagun eta zenbait kasutan lankide diren zenbait jenderen argudioak. Hau da, guk eskaera bat egin Iruñean eta UPNko agintariek erantzuten digute guk ez dugula inolako babes ofizialik, honek, honek eta honek zenbait paper sinatu dituztelako gure eredua babestu gabe. Guk erraten ahal dugu Bortzirietako udalen babesa badugula, berriki berritutakoa gainera, baina Parlamentura joanda UPNkoek gure argudioen kontra egiteko duten makulua hemengo zenbait jendek sartutako ziriak dira. Konturatu gara ziri hauek gure kontrako ikuspegi politiko eta linguistikodun alderdi baten makulu direla. Horixe da guretzat benetan mingarria dena».

NAFARROAKO PARLAMENTUTIK MADRILERA

Parlamentuko agerraldian azaldutako gauzen artean azkeneko hamar urteotako ibilbideak hartu zuen protagonismorik handiena. «1994ko Oinezaren ondotik egurra bertzerik ez dugu jaso –adierazi digu ikastolako zuzendariak– eta erran genien zenbait prozedura administratibo ireki ditugula, bortz eskaera egin ditugula DBH eskuratzeko… eta batzutan ixiltasuna izan dela erantzuna eta bertzetan gezurrezko argudio teknikoak. Argudio hauetan gainera hagitz modu txarrean erantzun digute. “Kaskagogorrak”, “burugogorrak”eta “fede txarrekoak” deitu digute bertze adjektibo batzuen artean. Beraz, argi dago Iruñean ez gaituztela sobera maite eta orain Madrilen dagoela gure gaia erran genien. Argi eta garbi adierazi genien Parlamentuan nazkatuta gaudela. Ez gaudela prest burua eta indarra galtzeko bide administratibo eta judizialetan. Eskatzen duguna errekonozimendu minimo bat da eta horrek ekarriko duen laguntza ekonomikoa». Izan ere, azkeneko 10 urteotan Labiaga Ikastolak Nafarrroako Gobernutik jaso ez dituen diru-laguntzak 2.000.000 eurotik goitikoak dira. «Diru hau guzia zor zaigu eta nahiz eta ez garen orain eskatzen hasiko, segiduan behar duguna legalizazioa da. Heldu den ilbeltzaren 1erako Labiagako DBH legalizatua eta kontzertatua egotea eskatu genuen. Orain, erantzunaren esperoan gaude».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun