Mozorro besta ospatu zuten larunbat arratsean Arantzan

TTIPI TTAPA 2008ko ots. 25a, 16:20

Herri kirol saioa eta bertso-afaria izan zuten

Larunbat ilunabarrean Arantzan mozorro besta egin zen. Mozorro zuriek ederki pasatu zuten inauterietan eta nonbait bestari jarraipena eman nahian, egun hau antolatu zuten. Inauterietako larunbatean ohikoa izaten da herri-kirol desafioa, baina aurten soilik asto karrera egin zuten.

Herri kirol proba konbinatua

Gazteak bi taldetan banatu ziren, herrikoak baserrikoen kontra eta saioari ekin zioten. 9 partaide zituen talde bakoitzak eta guztiek galtza zuriak jantziak zituzten, mozorro zuri direnaren seinale? Lehenik, koxkor biltzen hasi ziren. 10 bildu behar izan zituen bakoitzak. Denak zaretora sartu zituztenean, txingalarien txanda hasi zen. Markatutako distantzia bi aldiz osatu eta lekukoa pasa zioten zakulariei. Bakoitzak frontoiari itzuli bat eman zion eta segidan lasterkaria hasi zen. Asto karrera ez zen osatu mozorro bestan, baina asto batek protagonismoa hartu zuen, arpanarentzat ezinbestekoa baita. Bat diot, bakarra jarri baitzuten frontoi erdian. Bi aldeetan arpanarekin ebakiak egin zizkioten taldeetako partaideek. Lehia estua izan zen, baina hau polita da emozioa emateko. Froga guztiak osatu eta bigarren konbinadari ekin zioten. Ikusle franko bertaratu zen eta harmailak bete zituzten, bertze behin erakutsiz Arantzan herri kirola gustuko dutela. Ingudea froga gogorra izaten da, baina aranztar gazte hauek nolabait arindu zuten eta bakoitzak denbora bat osatu beharrean, denen artean egin zuten. Hala bakoitzak batzuk egin eta besteak jarraitu zuen. Ondotik soka tiran aritu ziren 7 gazte talde bakoitzean. Eta egia erran, bixi joan zen ekinaldia. Modu honetan, bukaera eman zioten herri kirol erakustaldiari.

Eguna behar bezala borobiltzeko, bertso afaria izan zuten, inauterietan ere lagun izan zuten Jexux Mari Irazurekin eta Jon Maiaren ordezko etorri zen Xabier Legarreta bertsolariekin.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun