Bortzirietako I. Salgai-hondarren feria arrakastatsua izan zen Beran

Goizalde URDANPILLETA 2008ko ots. 25a, 15:35
Jende ugari hurbildu zen komertzioek eskaintzen zutena ikustera, eta zergatik ez, erostera. TTIPI TTAPA

Ehundaka pertsona hurbildu zen kiroldegira, ikustera eta erostera

Berako Larun Haitzpe merkatari, ostalaritza eta zerbitzuen elkarteak lehenengo salgai hondarren feria antolatu zuen igandean, otsailaren 24ean. Ez dute elkarteko kide guztiek parte hartu. Zenbait bilera egin zituzten eta kideetatik hauek izan ziren igandeko ferian beraien produktuak salgai jarri zituztenak: Agara kirolak, Arturo arropa denda, Edurne haur arropa denda, Igone papertegia, Kalotxa zapata eta osagarri denda, Mertxe Artidea lentzeria, BEEP Bera informatika, Zela kirolak, Elkar papertegi eta liburu denda, Martzutzak arropa denda, Goya etxerako artikuluak eta Expert Bortziriak etxetresnak. Salgai hondarren lehenengo feria honetan Nafarroako Rural kutxa, Nafarroako Gobernua eta Berako udalaren laguntza jaso dute. Kiroldegi zola erabat estali behar izan zuten zuten, zola berexia baita eta zaintzea hagitz garrantzitsua baitzen.

Euro bateko sarrera eta kontsumizio doan

Goizeko 10etarako erakusmahai guztiak prest eta azkar batean zabaldu zituzten kiroldegiaren ateak. Jendeak ikusmin handia zuen Doneztebe eta Elizondon iaz ospatutako stock ferien arrakasta ikusirik. 18 urtetik gorakoek euro bateko sarrera ordaindu behar zuten eta modu honetan, zenbat pertsona sartzen ziren kontrolatzeaz gain, elkarteko Errekalde, Lixoia, Bidaxka, Ukuilu eta Zubiondo ostatuetan kontsumizio bat hartzeko aukera ematen zen. Giro polita sortu zen eta goiz erdirako jendeak harat eta honatean hainbat gauza eskuratu zituen. Ikusi besterik ez zen egin behar jendeak zenbat poltsekin ateratzen zen kiroldegitik.

Arrakastatsua

Parte hartzaileak gustura zeuden goiz erdian. Goizean ikusitakoaren arabera, erraten ahal da, Beran salgai hondarren lehenengo feria guztiz arrakastatsua izan zela.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun