Udal arkitektoa kontratatzea erabaki du Berako Herriko Etxeak

TTIPI TTAPA 2008ko otsailaren 26a

EA, EAJ eta Aralarren aldeko botoekin eta EAEren kontrakoekin onartu zen mozioa

Udal arkitektoa kontratatuko du Berako Herriko Etxeak. Horrela erabaki zuen udalbatzarrak urtarrilaren 31ko bilkuran EA, EAJ eta Aralarren aldeko zazpi botorekin eta ANVren kontrako lau botorekin.

«Udal arkitektua behar da»

2008rako aurrekontuetan hirigintza alorrerako aholkularia kontratzea aurreikusia zuen ANVk, «asistentzia kontraturako 60.000 euroko gastuarekin». EA, EAJ eta Aralarrek, ordea, aholkulariaren proposamena baztertu eta udal arkitektoa, langile bezala, kontratatzearen beharra aipatuz bertze mozioa aurkeztu zuten urtarrilaren 31ko plenoan. Udal kudeaketa hobetuko litzatekeelakoan daude oposizioko hiru taldeak eta “Berako beharrek udalean modu egonkorrean arkitekto bat egotea justifikatzen dutela”. Gainera, EA, EAJ eta Aralarren ustez, zerbitzua merkeagoa izanen da, udalaren zerbitzurako dedikazio esklusiboa ekarriko du eta obra publikoen zuzendaritza eta kontrol funtzioak bete ahal izanen ditu, hirigintza aholkularitzaz gain. Lesakako Udalarekin batera hartu nahi da langilea, horrek gastua ere murriztuko lukeelako. Ordutegia bi Udalen artean finkatuko litzateke, A mailako soldatarekin eta %35eko osagarria izanen luke. Udal bakoitzak zehazten dizkion lanak eginen lituzke.

Alkateak, bere aldetik, hirigintza lanak ez gibeleratzeko urtebeterako laguntza-kontratua egitea proposatu zuen, Berako udala arkitekturik gabe gelditu delako eta lana gibeleratuko delakoz. Idazkariak, berriz, hirigintza zerbitzurako laguntza-kontratua martxan eta kredituaren erreserba ere egina dagoela adierazi zuen, nahiz eta gastua ez konprometitua izan. Edonola ere, EA, EAJ eta Aralarrek aurkeztutako mozioa onartu zen, eta udal arkitektoa kontratzea erabaki da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun