Genaro Zelaieta San Sebastian Berako futbolari ohia, otsailaren 9an hil zen, 53 urte zituela, gaixotasun luze baten ondorioz. Genarok Real Sociedad taldearen garairik gozoena ezagutu zuen eta Espainiako bi liga irabazi zituen talde donostiarrean. Europako Kopako finalerdietara ere ailegatu zen.
Gaur eguneko futbola segitzen duenari, akaso Genaro Zelaieta izenak ez dio gauza haundirik erranen. Baina realzale beteranoek buruz gogoratuko dute oraindik bi liga irabazi zituen Real historiko haren hamaikakoa: Arkonada atepean, Zelaieta, Olaizola, Gorriz eta Kortabarria gibelean; Periko Alonso, Diego eta Zamora erdian eta Idigoras, Lopez Ufarte eta Satrustegi aitzinean. Orduan ez zen izarren ligarik, ezta talde galaktikorik ere, baina talde honek orduko Realzaleen ilusio guztiak bete eta izarretara eraman zituen, Real Madrid, Bartzelona eta bertze talde guziak sailkapenean gibelean utziz. Realzaleek oraindik emozioz gogoratuko dute Xixonen lehendabiziko liga azken minutuan lortu zen partida hura. Genarok, ordea, duela lau urte ttipi-ttapa telebistako Sasoi Batean saioan aipatu zigunez, Euskadiko selekzioarekin Irlandaren kontra jokatutako partida gogoratzen zuen bereziki, Espainiako gerra ondotik Euskadik jokatu zuen lehen partida, hain zuzen.
Genaro Zelaieta 1954ko azaroaren 9an jaio zen Berako Suspela auzoko Zigardi baserrian. Gure Txokoan aritu ondotik, gazte-gazterik Donostiara joan eta Sanseren gazteen taldean hasi zen, eskuin lateralean. 1971n Sanseren lehen taldera pasatu zen eta sei urte eman zituen hirugarren mailan. 1978-79 denboraldian, 23 urterekin, Realaren lehen mailako taldean debuta egin zuen. 1979-80 denboraldian azpitxapeldun izan zen Reala eta hurrengo bi denboralditan Espainiako Liga irabazi zuen, baita 1982an lehen aldiz jokatu zen Espainiako Superkopa ere.
Realean 302 partida jokatu zituen Zelaietak, Ligako 229, Kopako 46, Europako Kopako 8, UEFAko 7, Superkopako 2 eta Ligaren Kopako 10 eta sei gol sartu zituen. Realean izan zen 1985-86 denboraldira arte eta handik Sabadellera jo zuen, han ere lehen mailan aritzera. 1988ko martxoaren 23an utzi zuen futbola. Espainiako selekzioan ere aritu zen.
Otsailaren 10ean Berako parrokia ttiki gelditu zen, azken agurrera hurbildu zen jendetzarentzat. Beti beratarren eta realzaleen bihotzetan geldituko da Genaro Zelaieta.