Oraindik neguan gaudenez, urruti ikusten dugu udaberria. Ez preziski negu tenoreko eguraldiak izan ditugulako, ez! Ez ohiko negua izaten ari da eta urtesasoiari zati haundi bat kendu diogu tenoreko girorik izan gabe ia gehinean. Mendi ibilaldietarako izugarrizko aroak izaten ari gara eta espero dezagun udaberrian eginen den herriko mendi itzulirako eguraldiak hutsik ez egitea. Dagoeneko laugarrenera ailegatu gara. Ilusioz ari dira lanean eta berriz ere Arantzako mendien zirkuan ibiltzeko aukera izanen du edonork.
Bertako nahiz kanpotik heldu diren mendizaleek parte hartzen dute. 2003an hasi zen Ekaitza Elkarteko mendi batzordea antolaketa lanean; 2004an bigarren edizioa egin zen; 2006an hirugarren aldia izan zen, bi urtero behin antolatzea erabaki baitzen; eta aurtengoa, maiatzaren 18an izanen da. Xehetasun gehiago hurrengo hilabeteetan emanen badizuegu ere, mendi itzuliko kamisetak dagoeneko salgai daude herriko elkartean nahiz ostatuetan. Beraz, zuen agendan proposamen berri baten ingurukoa jaso duzue.