Joseba Iturbide eta Mikel San Sebastian Espainiaratu ditzakete egunotan

TTIPI TTAPA 2008ko ots. 22a, 09:59

Donibane Lohizunen otsailaren 15ean atxilotu zituen Poliziak

Mikel San Sebastian eta Joseba Iturbide lesakarrak Donibane Lohizunen, Lapurdin atxilotu zituen otsailaren 15ean Frantziako Poliziak. Atxiloketa momentua hagitz bortitza izan zela aipatu zuten biek eta armarik ez zeukaten arren, lurrean jo zituztela. Mikeli hamar puntu eman behar izan zizkioten sudurrean eta Josebak zauriak ditu belarrian. Polizia etxean tratua hobea izan zela ere aipatu zuten. Bi lesakarrekin batera Jose Antonio Martinez Mur eta haren bikotekide Estibalitz Bengoetxea atxilotu zituzten.

Joseba Iturbide eta Mikel San Sebastian Espainiaren esku uzteko arriskuan daude, Frantzian haien kontra egiteko arrazoirik ez dutelako. Izan ere, atxilotzeko unean ez zieten armarik edo haien kontra egiteko moduko deus topatu. Espainiak, baina, San Sebastianen eta Iturbideren kontrako bi euroagindu eskatu ditu, ETAko kide izatea leporatuta bata eta Barajasko aireportuaren kontra egindako atentatuarengatik, bertzea. Astearte honetan, Pabeko auzitegiak erabaki behar zuen euroagindu hauek bete ala ez. Hau idazterakoan, Tolosako Muret-Seysses espetxean zeuden biak. Polizia iturrien arabera, Mattin Sarasola eta Igor Portu atxilotu zituztenetik ihesean ari ziren San Sebastian eta Iturbide eta beraien etxeak miatu zituzten. Espainiako Poliziaren arabera, ETAko kideak dira lauak.

Atxiloketen kontrako manifestazioa egiten saiatu ziren otsailaren 20an herrian. 200 bat lagun abiatuta zeudenean Guardia Zibilaren bi patrol agertu ziren. Modu txarrean joan ziren, «hau Espainia da!» eta antzeko oihuak eginez. Pankarta zeramatenak eta bertze lagun bat identifikatu zituzten, eta martxa egitea eragotzi. Atxilotuak egon diren bitartean, mobilizazioak egin dira egunero herrian.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!