Herriaren izen ofizialak Bera/Vera de Bidasoa izaten segituko du eta ez Bera bakarrik —Udalak hala eskatua zuen—. Nafarroako Gobernuko Toki Administrazio Departamentuak ukatu egin du izen aldaketa, legez kontrakoa delakoan.
Udalak urtarrilaren 31n bidali zion Gobernuari Bera izen ofizial bakartzat hartzeko administrazio eskaera. Espediente hartan zeuden Udalak hartutako akordioa, informazio publikorako tramitea, Nafarroako Boletin Ofizialean egindako argitalpena eta guziaren ondotik, udalbatzarrean adostutakoa. Baina Gobernuak dioenez, udalerrien euskarazko izendapenaren erabilera 18/1986 Foru Legeari lotua dago. Horren arabera, Nafarroako euskal zonaldeko toponimoen izendapen ofiziala euskarazkoa izanen da, gaztelerako bertze bat ez dagoen bitartean. Kasu horretan, biak erabili beharko lirateke. Gobernuaren ustez, bi izendapen ezberdin ditu Berak, eta biak ofizialak izanik, ukatu egin du Udalaren eskaria.