Berako Fundiciones de Vera lantegiko hitzarmen kolektiboaren aurreakordioa sinatu zen ilbeltzaren 31n. Funvera lantegiak 160 langile inguru ditu eta enpresa batzordean ELAk 7 ordezkari ditu eta LABek 2. Aipatzekoa da aurreakordioa ELAk bakarrik sinatu zuela eta LAB sindikatuak, idatzi baten bidez, gogor kritikatu du lantegi honetan gauzak egiteko modua, “batez ere Enpresa Batzordean gehiengoa osatzen duen ELAren aldetik”. LABen idatziaren arabera, urte hasieran, Zuzendaritzak informatu zuen lan zama dezente sartu zela lantegian, bi urtetarako aurreikuspenekin, eta txandak berretu behar zirela (aldatxandan langile gehiago sartuz), langile berriak kontratatuz. Bertze aldetik, une horretan hitzarmen berria negoziatzeko atarian zen.
Negoziatzeko egoera hobea
Ez da ohikoa izaten hitzarmena negoziatzeko garaian, lan eskaera berriak sartu direla lantegian, horren informazioa ematea. Baina Funveran, aldi honetan, horrela izan da. Informazio horren arabera, negoziatzeko egoera hobe batean gelditzen da Enpresa Batzordea, baina LABek dioenez, “ELAren jokaera itxiagatik ez da aprobetxatu aipaturiko egoera”.
«LABetik egindako planteamenduak, ondi iruditu arren, ez dituzte bideratu»
Bi puntu dira, LABen ikuspegitik, kolokan edo gaizki itxita gelditu direnak: Aldatxandaren akordioa alde batetik, eta kontratu tinkoak egiteko artikulua hitzarmenetik kentzea bertzea. Zuzendaritzak planteatu zuenean lantegiko langile guztiak sartzea alda-txanda erregimenean, LABen aldetik plan bat aurkeztu zen Enpresa Batzordean, non sortutako beharrak, borondatezko langileekin beteko ziren, eta horrekin ez balitz aski, kontratazio berriarekin. LABen arabera, “ELAko ordezkariei ongi iruditu zitzaien planteamendua, baina LABetik egin zelako ez zuten bideratu”. LABentzat, “tamalgarria da interes sindikalak langileen gainetik jartzea”. Bertze aldetik, orain arteko hitzarmenean, behin-behineko langileak %15 baino guttiago izan behar direla bilduta zegoen. Eta aurreakordioan, ELAk onartu du puntu hori desagertzea. Artikulu horrek, hutsuneak baldin bazituen ere, plantilan behin-betiko kontratuak ahalik eta gehiena izatearren lan egiteko aukera ematen zuen LABen ustez, “baina orain Zuzendaritzak jarriko du berari interesatzen zaion muga, Enpresa Batzordearen kalterako”.
«Enpresak irabazten du»
Hauek izan dira nagusiki, LABek Lan Hitzarmena ez sinatzeko izan dituen arrazoiak. LABen erranetan, Funveran denbora bat daramate ELAren gehiegikeriak eta harrokeriak pairatzen. “Errespetuz eta elkar ulermenaz kudeatu behar dira Komite kideen arteko harremanak, azken finean Funverako langile guztiak jasaten dituzte gehiegikeri eta harrokeri hauen ondorioak, lortzea hainbertze kosta diren eskubideak galduz”. ELAk LABen aurka burutzen ari den etengabeko eraso honekin enpresa da irabazten duen bakarra, beti ere LABeko idatziaren arabera.