Berako Suhiltzaile-parkerako Suhiltzaile Bolondresen lanpostu-hornikuntzarako deialdia egin dute. Aurkeztu ahal izateko zenbait baldintza bete behar dira, bertzeak bertze hautagaiaren ohiko bizilekua Berako udalerrian izatea.18 urte baino gehiago izatea edo adin hori aurten betetzea, eta 50 urteak gainditu gabeak izatea ere eskatzen da suhiltzaile izateko. Suhiltzaile lanak normaltasunez betetzeko oztoporik sortzen duen gaixotasun edo gabezi fisikorik ez izatea ere eskatzen da. Baldintza horiek betez gero, Berako Suhiltzaile-parkerako adskribatze eskaera egin behar da.
Eskaerak martxoaren 31 baino lehen
Deialdiaren oinarriei buruzko xehetasunak jasotzeko edota zalantzaren bat izanez gero 012 telefonora deitu behar da. Eskaerak aurkezteko epea martxoaren 31n akautzen da.
Julian Lekuona eta Antonio Zubieta: «Jende berria behar da»
Julian Lekuona eta Antonio Zubieta suhiltzaile beteranoek aipatu digutenez, “jende berria behar da, batzuk adinarengatik eta utzi behar dugulako”. Gaur egun 30 suhiltzaile boluntario inguru ditu Berako parkeak, denak gizonezkoak, “baina emakumezkoak ere ongi hartuko genituzke. Boluntario izateko gogoa behar da bakarrik”. Bien ustez merezi duen lana da suhiltzaileena, “bertzeentzat lan egiten duzu eta gero gustora sentitzen zara, laguntzen duzu inolako interes ekonomikorik gabe”. Zazpi suhiltzailerendako lekua dute Berako parkean.