Bera herriaren izen ofiziala Bera/Vera de Bidasoa izaten segituko du eta ez Bera bakarrik, herri honetako Udalak eskatua zuen bezala. Nafarroako Gobernuko Toki Administrazio Departamentuak ukatu egin du izen aldaketa, legez kontrakoa delakoan.
Berako udalak urtarrilaren 31n bidali zion Nafarroako Gobernuari Bera izen ofizial bakartzak hartzeko administrazio espedientea. Espediente horretan biltzen ziren udalak hartutako akordia, informazio publikorako tramitea, Nafarroako Boletin Ofizialean egindako argitalpena eta guziaren ondotik, udalbatzarren onartutako akordioa.
Baina Nafarroako Gobernuak dioenez, udalerrien euskarazko izendapenaren erabilera 18/1986 Foru Legeari lotua dago. Horren arabera, Nafarroako euskal zonaldeko toponimoen izendapen ofiziala euskarazkoa izanen da, gaztelerako bertze bat ez dagoen bitartean. Kasu horretan, biak erabili beharko lirateke.
Hortaz, Nafarroako Gobernuaren ustez, bi izendapen ezberdin ditu Berak, eta biak ofizialak izanik, ukatu egin du Berako Udalak egindako eskaria. Toki Administrazio Departamentuaren arabera, 18/1986 Foru Legearen 8.1 artikulua hausten du Berako udalaren eskariak.