Bortzirietako salgai-hondarren lehenengo feria eginen da igandean Beran

TTIPI TTAPA 2008ko ots. 18a, 15:01

Goizeko 10:00etatik arratseko 20:00etara zabalik izanen da Toki-Ona Kiroldegian

Heldu den igandean, otsailaren 24ean, Bortzirietako lehenengo salgai hondarren feria eginen da Berako kiroldegian goizeko 10etatik arratsaldeko 20etara. Larun Haitzpe Berako merkatari, ostalari eta zerbitzuen elkartea da antolatzailea eta honen barne Agara Kirolak, Arturo arropa denda, mertzeria eta lentzeria, Edurne haurren arropa eta zapatadenda, Igone papertegia, Kalotxa zapata eta osagarri denda, Mertxe Artieda lentzeria eta mertzeria, BEEP Bera informatika, Zela Kirolak, Elkar papertegi eta liburu denda, Martzutzak arroa eta osagarri denda, Goya arropa, gortinak eta etxerako artikuluak eta Expert Bortziriak etxetresnak. Nafarroako Rural kutxa, Nafarroako Gobernua eta Berako udalak dira ekimen honen laguntzaileak.

Beran lehen aldiz

Beran lehen aldiz antolatu dute Doneztebe eta Elizondon antolatutakoek izan zuten arrakasta ikusirik. Saldoen feriak formula komertzial bat da, baina kontsumitzailearentzat hagitz onuragarria dena, produktuak prezio ezin hobean eskuratzen baitituzte eta bertzalde, merkatariek merkealdia aroa akitu eta soberakinak likidatzen dituzte. Hala, prezio interesgarrian kalitatezko eta marka oneko produktuak erosi ahal izanen dira: Bandolli, Astore, Columbia, Cowest, Desigual, Kickers, Verbatim, Epson, Canon, Logitech, Sony, Braun, Rowenta, Philips, Kukuxumuxu, Pickquic, Skun-funk, Ternua, HP…

Euro bateko sarrera

Egun guztian zehar beratarrei ez ezik, Baztan, Malerreka, Bortziriak edota hurbildu nahi duten guztiei beraien produktuak ezagutzera eman nahi dizkiete Larun Haitzpe elkarteko dendek. Euro bateko sarrera ordaindu beharko dute 18 urtetik goitikoek, baina txartela erakutsita kontsumizio bat debalde izanen dute elkarteko ostatuetan: Errekalde, Lixoia, Bidaxka, Ukuilu eta Zubiondon.

Larunbat arratsaldean hasiko dira muntaiarekin eta hau dela eta, Adela Arlegi, Larun Haitzpe elkarteko kideak aiparu digunez, kiroldegia bi egunetarako alokatu behar izan dute. Zola nolakoa den aintzat hartuz, dena estali beharko dute kaltetua ez izateko. Ilusio eta gogoz ari dira antolatzen eta asteazken honetan berean bilkura eginen dute azken ukituak emateko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun