Mikel San Sebastian eta Joseba Itturbide lesakarrak Donibane Lohizunen, Lapurdin atxilotu zituen ortziral arratsean Frantziako Poliziak. Bi lesakarrekin batera Jose Antonio Martinez Mur eta haren bikotekide Estibalitz Bengoetxea atxilotu zituzten. Joseba Iturbide eta Mikel San Sebastian lesakarrak Espainiaren esku utziko omen dituzte datozen egunetan, Frantzian haien kontra egiteko arrazoirik ez dutelako. Izan ere, atxilotzeko unean ez zieten armarik edo haien kontra egiteko moduko deus topatu. Espainiak, baina, San Sebastianen eta Iturbideren kontrako euroagindua eskatu du, ETAko kide izatea leporatuta.
Jose Antonio Martinez Mur eta Estibalitz Bengoetxea Frantzian auzipetzeko aukera badagoela dio Frantziako Barne Ministerioak, «helburu terroristak dituen gaizkile taldeko kide» izatea egotzita. ETAko kideei etxean aterpe ematea egozten die Martinez Murri eta Bengoetxeari. Mikel San Sebastian eta Joseba Iturbide bikotearen etxean atxilotu zituzten ortziralean, Frantziako Poliziak Guardia Zibilaren laguntzaz egindako polizia operazio batean. Polizia iturrien arabera, Mattin Sarasola eta Igor Portu lesakarrak atxilotu zituztenetik ihesean ari ziren San Sebastian eta Iturbide. Bikotearen 15 urteko semea ere atxilotu zuten, baina goizeko ordu biak aldera aske utzi zuten, Askatasunaren arabera.
Ortziral arratseko 9etan hasitako operazioan atxiloketak egin zituztenean hasi zen etxea arakatzen Polizia. Larunbatean segitu zuten etxearen miaketarekin eta bertan izan ziren Sanse eta Iturbide ere. Etxe ingurura hurbildutako senide eta lagunen animo oihuak aditzeko aukera izan zuten. Espainiako Poliziaren arabera, ETAko Elurra taldeko kideak dira Joseba Iturbide eta Mikel San Sebastián, urtarrilaren 6an Guardia Zibilak atxilotu zituzten Igor Portu eta Mattin Sarasolarekin batera.
Larunbatean manifestazioa eragotzi zuen Guardia Zibilak Lesakan
Atxiloketen kontrako manifestazioa egiten saiatu ziren larunbat arratsean Lesakan. 200 bat lagun abiatuta zeudenean Guardia Zibilaren bi patrol agertu ziren. «Modu txarrez» joan ziren, lekukoen arabera, «hau Espainia da!» eta antzeko oihuak eginez. Pankarta zeramatenak eta bertze lagun bat identifikatu zituzten, eta martxa egitea eragotzi. Xantxe eta Ittur polizia etxean dauden bitartean mobiliziazioekin segituko dutela iragarri dute Lesakan.