Bortzirietako bigarren piropo lehiaketan parte hartzeko epea otsailaren 14an ireki du Bortzirietako Euskara Mankomunitateak, Labiaga Ikastola, Toki-Ona Institutua eta Xorroxin Irratiaren laguntzarekin. 18 urte bitarteko haur eta gazteek parte hartu ahal izanen dute eta euskarazko piropoak www.aisia.net orrira bidaltzeko epea martxoaren 14a arte izanen da.
Sari ederrak eta irratsaioa
Bortzirietako piroporik onenak sari berezia izanen du, Berako katea-Bike txirrinda-dendak eskainitako bizikleta, hain zuzen. Bigarrenak, Lesakako Bixkiak jantzi-dendak eskainita, jantziak erosteko 100 euroko txartela eskuratuko da eta hirugarrenak, Berako Igone liburudendak eskainitako 50 euroko txartela, ikas-materiala eta liburuak erosi ahal izateko. Bortzirietan bildutako piropoekin, parte hartzaileekin eta sarituekin irratsaio berezia eginen dute Xorroxin Irratian, Lesakako estudioan.
Euskal Herriko IV. piropo lehiaketa
Aipatzekoa da Bortzirietako piropo guztiek Euskal Herriko laugarren piropo lehiaketan ere parte hartuko dutela eta bertan banatuko diren sariak jasotzeko aukera ere izanen dutela. Euskal Herriko piropo lehiaketa Urtxintxa eskolak antolatzen du eta Bortzirietako Euskara Mankomunitatea babeslea da. Lehiaketa honetan, Gorlizko aterpetxean zortzi lagunentzako egonaldia, liburuak, CD-ak, kamisetak, jokoak eta bertze hainbat sari eskuratzen ahal dituzte partehartzaileek.
Beraz, euskarazko piropoa pentsatu eta lehenbailehen www.aisia.net web orrira bidaltzea komeni da, sari ederrak eskuratzeko aukera baitute gazteek.