Berako inauterietako argazki digital lehiaketarako lanak ortziralerako aurkeztu beharko dira

TTIPI TTAPA 2008ko otsailaren 12a

Kultur Batzordeak kaldereroak berreskuratzearekin kontent agertu da

Inauterietako argazki digital lehiaketarako lanak aurkezteko epea astebetez luzatzea erabaki du Berako Udalak. Honela, lanak aurkezteko azken epea ortziral hau, otsailaren 15a, izanen da.

www.berakoudala.net webgunean

Gogoratuko duzuenez, inauterietako argazki digital lehiaketa abian paratu zuen abian www.berakoudala.net webguneak. Edozein pertsonak parte hartu ahal izanen du eta bakoitzak nahi hainbertze argazki bidali ahal izanen ditu. Argazkiak 72ko erresoluzioarekin .jpg formatuan bidali ko dira kultura.bera@gmail.com helbidera, erran bezala, ortzirala, otsailaren 15a baino lehen. Argazkiarekin batera parte hartzaileek datu hauek bidaliko dituzte: izen-abizenak; telefonoa eta posta elektronikoa (datu horiek ez dituzten argazkiak ez dira argitaratuko eta ez dute lehiaketan parte hartuko). Argazkiak Berako inauterietan 2008an ateratakoak izanen dira. Argazkiaren jabegoa egilearena izaten jarraituko du, baina antolakuntzak argazki irabazlea erabili ahal izanen du 2009ko azala egiteko. www.berakoudala.net-eko kudeatzaileek jasotako argazkien aukeraketa bat eginen dute. Hautatutako argazkiak www.berakoudala.net webgunean zintzilikatuko dira.

MP4 bat irabazlearentzat

Lehiakideen artean sari hauek banatuko dira: Argazki onenarentzat: mp4. Parte hartzaile guztien artean liburu eta disko sorta bat zozketatuko da. Lehiaketan parte hartzeak nahitaez dakar oinarri hauek onartzea, eta www.berakoudala.net webgunean zintzilikatzeko eskubidea uztea.

Kaldereroak berreskuratzearekin Kultur Batzordea gustora

Bertze aldetik, Berako Kultur Batzordeak bere poza agertu nahi du kalderero bestak izan duen biziberritzea dela eta. Bestaz gogoeta egiteko deia egin, eta makina bat jendek lanerako konpromisoa hartu ondotik, azken urteotako Kalderero bestarik jendetsuena izan dela azpimarratu du Berako Kultur Batzordeak. Entsaioetan ere jende aunitzek parte hartu du eta gurdia berreskuratu ahal izan da. Hori horrela, esker ona eta zoriona agertu beharrean dago Berako Kultur Batzordea, azken egunotan lanean aritu den jendeari, parte hartzaile guztiei, eta baita ikusleei ere. Hurrengo urterako berrikuntza gehiago sartu nahi dituztebestan, eta horretarako, jendearen ideiak eta lana gustura hartuko dituela gogorarazi du Berako Kultur Batzordeak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun