Ibardingo merkatariekin bildu da Nafarroako Gobernuko Toki Administrazio kontseilaria

Goizalde URDANPILLETA 2008ko otsailaren 12a

Amelia Salanueva, Toki Administrazio kontseilaria eta Ignacio Irazoki, Ibardingo Merkatari elkarteko presidentea, astearte goizean Ibardinen. TTIPI TTAPA

Ur hornidura arazoak moldatzeko eskaera egin dute komertzianteek

Otsailaren 12an, astearte goizean, Amelia Salanueva, Nafarroako Gobernuko Toki Administrazioko kontseilariak bilera izan du Ibardingo zerbitzu, ostalaritza eta merkatari elkarteko kideekin. Bilera goizeko 11:30erako iragarrita zegoen, baina azkenean eguerdiko 12ak ziren bisitariak iritsi orduko. Arraroa dirudien arren, bilera Benta-berri jatetxeko jangelan egin dute eta ordu horretarako turista dezente bazkaltzera hurbildu direnez, bi gauzetarako baliatu dute aretoa. Villanueva kontseilariak erran digunez, Madrilgo senatari zenetik hitzeman zuen Ibardinera etorri behar zuela, Hortaz, elkarteko deiari erantzuteaz gain, aspaldiko nahia ase du.

400 langile 25 enpresetan

Ignacio Irazoki elkarteko lehendakariak bisitaldiaren xehetasunak eman dizkigu. 400 lagun inguruk lan egiten dute Ibardingo 25 enpresetan eta horrek izugarrizko mugimendua suposatzen du Bera eta inguruko herrientzako. Udan hurbiltzen da turista kopuru handiena, baina dena dela, erran daiteke urte osoan ongi lan egiten dutela. Tabakoaren legea zela eta dezente mugitu behar izan zuten eta Madrilen izan ziren beraien kezka eta arazoak mahai gainean jartzera. Ordutik ezagutzen dute Amelia Salanueva. Tabakoaren legeak kalte handia eragin die eta erraten ahal da bertara erostera hurbiltzen den turisten kopuruak behera egin duela. Neguan gehienbat adinekoekin lan egiten dute eta udan adin guztietakoekin.

Ur-hornidura arazoak

Ur hornidura da momentu honetan duten arazoetako bat eta hauxe agertu diote kontseilariari. Lan handia egin behar dutela agertu digu Ignacio Irazoki Benta-berri bentako nagusiak. Ondotik, kontseilaria Ignacio Irazoki, Javier Lekuona arkitektoa eta Felipe Saragueta abokatua lagun izan ditu Ibardingo benten barna egin duen bisitaldian. Izan ere, Ibardinen egin den plan estrategikoaren berri ere eman diote Salanuevari. Behin itzulixka eginda bertan geratu dira bazkaltzen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun