Genaro Zelaieta Berako futbolari ohia otsailaren 9an hil zen

ttipi-ttapa 2008ko otsailaren 11

Genaro Zelaieta beratarrak 302 partidu ofizial jokatu zituen Errealarekin. TTIPI TTAPA

Espainiako Liga bi aldiz irabazi zuen Donostiako Errealean

Genaro Zelaieta San Sebastian Berako futbolari ohia, larunbatean, otsailaren 9an hil zen, 53 urte zituela, gaixotasun luze baten ondorioz. Genarok, Donostiako Real Sociedad taldearen garairik gozoena bizitu zuen eta Espainiako bi liga irabazi zituen talde donostiarrean. Europako Kopako finalerdietara ere ailegatu zen.

Ligako txapeldun izan zen Errealeko kidea

Gaur eguneko futbola segitzen duenari, akaso Genaro Zelaieta izenak ez dio gauza haundirik erranen. Baina Realzale beteranoek buruz gogoratuko dute oraindik bi liga irabazi zituen Erreal historiko haren hamekakoa: Arkonada atepean, Zelaieta, Olaizola, Gorriz eta Kortabarria gibelean; Periko Alonso, Diego eta Zamora erdian eta Idigoras, Lopez Ufarte eta Satrustegi aitzinean. Orduan ez zen izarren ligarik, ezta talde galaktikorik ere, baina talde honek orduko Realzaleen ilusio guztiak bete eta izarretara eraman zituen, Real Madrid, Bartzelona eta bertze talde guziak sailkapenean gibelean utziz. Errealzaleek oraindik emozioz gogoratzen dute Xixonen lehendabiziko liga azken minutuan lortu zen partidu hura. Genarok, ordea, duela lau urte ttipi-ttapa telebistako Sasoi Batean saioan aipatu zigunez, Euskadiko selekzioarekin Irlandaren kontra jokatutako partidua gogoratzen zuen bereziki, Espainiako gerra ondotik Euskadik jokatu zuen lehen partidua, hain zuzen.

Suspelako Zigardi baserriko semea

Genaro Zelaieta 1954ko azaroaren 9an jaio zen Berako Suspela auzoko Zigardi baserrian. Gure Txokoan aritu ondotik, gazte-gazterik Donostiara joan eta Sanseren gazteen taldean hasi zen, eskuin lateralean. 1971n Sanseren lehen taldera pasatu zen eta sei urte eman zituen Hirugarren mailan. 1978-79 denboraldian, 23 urterekin, Errelaren lehen taldean debuta egin zuen lehen mailan. 1979-80 denboraldian azpitxapeldun izan zen Erreala eta hurrengo bi denboralditan Espainiako Liga irabazi zuen, baita 1982an lehen aldiz jokatu zen Espainiako Superkopa ere. Errealean 302 partidu jokatu zituen Zelaietak, Ligako 229, Kopako 46, Europako Kopako 8, UEFAko 7, Superkopako 2 eta Ligaren Kopako 10 eta sei gol sartu zituen. Errealean izan zen 1985-86 denboraldira arte eta handik Sabadellera jo zuen, han ere lehen mailan aritzera. 1988ko martxoaren 23an utzi zuen futbola. Espainiako selekzioan ere aritu zen.

Igande arratsaldean Berako parrokia ttiki gelditu zen, azken agurrera hurbildu zen jendetzarentzat. Beti beratarren eta errealzaleen bihotzetan geldituko da Genaro Zelaieta. Igande

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun