Badira urte batzuk ia urtero antolatzen dela Mozorro Besta. Inauterietan protagonista eta antolatzaile diren Mozorro Zuriek lotzen dute eguneko egitaraua. Ederki pasatu ziren inauteriak, balorazio hagitz positiboa egin zuten gazteek eta horrek ere animatuta, otsailaren 23rako ospakizuna prestatu dute. Egia erran ilunabar partean hasiko da besta. Meza ondoren herri kirol saioa eginen da frontoian. Proba konbinatuak jokatuko dira baserritarren eta herritarren artean eta ondotik, afaria izanen da inauterietan azken urteetan hutsik egiten ez duten bi bertsolariekin, Jexux Mari Irazu eta Jon Maiarekin Aterpen. Ondotik, Agerralde musikaria arduratuko da arratsari segida emateaz, Herriko Etxeko gorapean eginen den dantzaldian. Honela emanen zaio bukaera mozorroen ospakizunari.