EAJ-PNVko udal taldeak Zambrarekiko dituen asmoak argitzeko eskatu dio Udalari, Juan Fermin Mitxelena bozeramaleak sinatutako idatzi baten bitartez. Horren arabera, Udalaren irteera agiri baten bidez jakin dute Herriko Etxeak Zambra erosteko asmoa duela eta Espainiako Iparraldeko Ur-Konfederazioari bertan Kultur Etxea eta bertze zerbitzuak eraiki ahal izateko txostena eskatu diola. Udalak dagoeneko Nafarroako Gobernuaren oniritzia duela ere ageri omen da agiri horretan.
Gaia inongo batzordetik pasa ez denez, PNVko udal taldeak idazkariarengana hurbildu behar izan zuen espedientea ikusteko eta «gure harridurarako», espedientean eurek ikusitako agiria bakarrik dago, hau da, Ur-Konfederazioari bidalitakoa. Gauzak honela, hainbat zalantza argitzea eskatu dio PNVk Udalari. Alde batetik, noiz eta norekin izan duten Nafarroako Gobernukoekin bilera hori eta nola ez dagoen bilera horren dokumentaziorik galdegin dute. Nafarroako Gobernuaren baietza hitzez bakarrik edo PNVk ezagutzen ez duen dokumentorik ba ote den ere galdetu dute. Kokapen hori herriko kultur taldeekin kontsultatu duten eta PNV noiz informatzeko asmoa duten ere galdetu dute.
Zalantza hauei Udalak ematen dien erantzunaren zain dago PNV eta, «horren arabera, gure jarrera zein izanen den zehaztuko dugu aitzinera».