Larunbateko kaldereroetatik asteleheneko karrozen desfilera, inauteri animatuak Beran

Goizalde URDANPILLETA 2008ko otsailaren 5a

Bortz ordu dantzan eman zituzten Inude eta Artzaiek. TTIPI TTAPA

Igandean, Inude eta Artzaiek ohiko ibilbidea egin zuten

Larunbat arratsaldean kaldereroen konpartsa atera da Beran. Zalantza handiak izan dituzte atera edo ez erabakitzeko orduan, baina azken bileran indar berriturik, egiteko iritzia gailendu zen. XIX. mendean, eta agian lehenagotik ere, ohikoa zen noizean behin Donostiara iristea Europako erdialdetik abiatuta Europan zehar ibiltzen ziren familia edo tribu batzuk. Hiriko gertakizun handienetakoa izaten zen kaldereroen etorrera, besteak beste, haien janzkerak, kantak, dantzak eta ohiturak oso bereziak eta ikusgarriak zirelako. Gure artean zeudelarik, beren lanbideei ekiten zieten eta bertzeak bertze, eltzeak eta metalezko bestelako gauzak konpontzen zituzten. Eskulangile trebeak ziren eta jendeak enkarguak egiten zizkien. Orain 2 mende Candelaria eguna besta eguna izaten zen. 1884an, Sarriegik moldaturiko piezak kantatuz lehen aldiz atera zen konpartsa Donostian. Ordu ezkero, Hungariako Kaldereroen konpartsak gora behera eta hutsune batzuk izan dituen arren, inauterietako osagarri garrantzitsuan bilakatu da. Dokumentatua dago 1925ean sartu zirela hartza eta hezitzailearen pertsonaiak eta baita ere aldaketa batzuk eman zirela. Ez da ahaztu behar garai haietan Donostiako inauteriek sekulako fama izaten zutela eta Veneciakoen pare egoten zirela. 1912. urtean Pio X Aita Sainduak Candelaria besta egun ez izatea erabaki zuen eta hortaz, ospakizunak behera egin zuen. 1962. urtean euriaren eraginez besta otsailaren 2an ospatu beharrean hurrengo larunbata bitarte atzeratzea erabaki zuen Gaztelubide elkarteak. Harrigarria irudi zuen arren, aldaketak ikusle eta parte hartzaileen zenbakian eragina izan zuen, aunitzez ere gehiago bertaratu baitziren. Hala, Donostian, Candelaria ondoko larunbatean ospatzen da beti. 1980. urte hasieran, Berako kuadrila bat Donostira joan zen besta nola egiten zen jakitera. Hala, 1980. urtean beratarrek lehen aldiz ospatu zuten kalderoen besta, eta ordutik, hutsik egin gabe, urtero egin da Gure Txokoa elkartearen eskutik.

Ijito gazteen ezkontza

Illekueta abiapuntu harturik, lehen geldialdia Altzate kalean egin dute. Pare bat kanta eskaini eta ibilbidearekin jarraitu dute. Orgatxoan haur txikiak joaten ziren eta hau tiratzen zaldi eder bat. Bigarren pausaldia, aldiz, Zahar Etxe atarian egin dute. Mojak eta adinekoak kalera atera dira urtero egiten den ikuskizun eder honetaz gozatzera. Eta hemendik, Herriko Etxeko plazara. Dena dela konpartsak ez zuen bakarrik kantatzen pausaldiak egiterakoak, baizik eta etengabea izan da doinu eta melodiaren aireratzea Berako kaleetan zehar. Orohar haur eta familiek parte hartu dute eta erraten ahal da deialdia arrakastatsua izan dela. Kondairez betetako gizonak dira bere nomada bizitzarekin. Karroak beharrezkoak dituzte beraien zartain, eltze eta bestelakoak garraiatzeko. Burua estalita eramaten dute eta zapelaz gain, zapi beltza ere eramaten dute. Bibotea ere beraien itxuraren adierazgarrietakko bat da eta soinean eramaten dituzten arropa ilunak ere. Bestan ohikoa izaten da kopla hau: „Caldereros somos de la Hungria que venimos de El rey Momo solo nos envía, a deciros que pronto vendrá, componemos la vanguardia del alegre carnaval, ¡ay! Cuantas dichas vamos a gozar“ Aspaldiko erritoa segituz, bi gazteren ezkontza osatu da. Etorkizuna elkarrekin lotzeko odolaren erritoa jarraitu dute. Odolak elkar gurutzatu eta bizi guztirako elkarri lotuta geratu dira. Ondoren, eltzea airera bota eta erortzean baldin eta zenbat pusketatan hausten zen, hainbat urteetako zoriontasuna izanen dute. Jaurti eta bozeramaileak erran du 73 izan direla, hortaz, 73 urtez zoriontsu. Beratarrei inaute on batzuk opatu die. Azkenik, hurbildu diren guztien artean baratzuri zopak banatu dira. Ez da batere idei txarra izan, kontutan hartuz 3 gradu besterik ez zituela egin. Hala bedi!

Inude eta Artzaiak igandean

XX. mende hasieran “iñude eta artzainen” desfile ateratzen hasi zen Beran. Baina 30. hamarkadan ospakizuna galdu egin zen eta 80. hamarkada inguruan berriz ere berreskuratu egin zuen Gure Txokoa elkarteak. Gizon eta emakumeek egiten duten antzespen-dantza hau etenik gabe ospatu da ordutik. Saioak 5 ordu irauten ditu eta horrek suposatzen du gelditu gabe dantzan aritzen direla. Desfilea goizeko 10etan hasten da. Ordu horretan ehun pertsona inguru elkartzen dira. Neskak artzainez janzten dira laneko galtza urdina, abarka, txaleko beltza, atorra zuria, zapi kuadroduna eta boneta beltzarekin. Hori bai, nahitaezkoa izaten da makila eskuetan eramatea. Mutilek neskame jantzi urdin edo arrosak eramaten dituzte, trentza luzeak eta panpina. Hau ezinbertzekoa izaten da dantzan airera jaurtitzen bai dute. Bikotea osatuz herriko kaleak zeharkatzen dituzte. Garai bateko jantziak daraman konpartsa bat aldamenean izaten dute eta eskea egiten duen talde bat ere bai. Inauterien Momo Erregea ere beharrezko pertsonaia izaten da Berako “iñude eta artzainen” konpartsan ere. Igande goizean atera da aurtengo Iñude eta artzainen konpartsa. Berez ordua 10etan jarria zuten, baina azkenean 11ak ere baziren atera orduko. Eztegara Frontoia izan da abiapuntua. Hasiera batean 28 bikote inguru osatu dira, erran behar baitugu ez direla hurbildu diren guztiak atera. Mutil eskas nonbait eta neska batzuk txandaka aritu dira. Horrela dira gauzak. Handik Euskalduna ingurura joan dira. Bertan mokadutxo bat hartu dute eta berriz ere ibilbideari ekin diote. Agerra auzora joan dira, baina bidean beste pausalditxoa egin dute. Azkenean bai, Agerra auzoa erabat zeharkatu eta dantzak egin ondotik gosaria egin dute. Ez dakit nik gose ote ziren, baina barrenak ederki bete dituzte. Agerra mendi taldeak txorizoa eta bestelakoak atera ditu, eta hauek bustitzeko ardoa! Agerra alde batera utzi eta bakoitza bere kontu berriz ere Euskalduna parera. Karrika osoa zeharkatu beharrean erdian beste dantza saiotxoa egin dute. Une honetan 34 bikote zenbatu ditugu, beraz, ohartu gara ibilbidean beste batzuk bat egiten dutela. Iñude eta artzaiek dantza egiten duten bitartean neska-mutil talde batek eskea egiten du. Leiho eta balkoietan daudeneri dirua eta puxkak eskatzen dizkiete, baina ez hori bakarrik, etxeetara ere joaten baitira arroltze eta gailetak eskatzera. Jende mordoa ikusi dugu ibilbidea jarraitzen, eguraldiak ongi lagundu baitu. Iaz euritsua joan zen eguna eta hori nabaritzen zen, ez baitzen giro kalean egoteko. Aurten zorionez, haizea bai, baina euririk ez. Altzate plazaraino iritsi eta bertan beste pausalditxoa egin dute. Oraindik ere indarrak ez direla agortu ohartu gara eta gogotsu ekin diote Illekuetako bideari. Itzea aldera doazela utzi ditugu, gogotsu eta alai. Pentsa gaurko eguna ez dela nolanahikoa, bost ordu inguru dantzan ematen baitituzte. Sasoitsu beratar hauek!

Inauterietako astelehena

Inauterietako astelehena ekitaldiz betea egon da Beran. Beran goizean goiz elkartzen omen dira koadrilak eta gosaria izaten da eguneko lehen ekintza. Zer ote dute gosariek ezinbertzeko bilakatzen direla besta edo inauteri guztietan? Ez dakit ziur, baina argi dagoena da arroltzeek, urdai azpikoak, zingarrak eta txistorrak gorputza berpiztu arazten dutela. Illekueta auzotik gora hartu dugu, Dornaku aldera eta bidean lehen koadrila topatu dugu. Hauek oinez ari ziren egiten bidea eta ez zirudien euriak gehiegi kezkatzen zituenik. Berriz ere Illekueta aldera ea zorte gehixeago ote dugun. Urrundik asotsa sumatzen dugu. Badirudi Sevillatik etorritako “tablao” bat irudikatu dutela. Traktore eta orga txiki honek izugarrizko xarma zuen. Saturnino eta bere sagardotegiko bezeroek alai erantzun zituzten gure galdera guztiak. Eta nahiz eta etxe horretan kantatua izan, berriz ere egin zuten. Beraz, horrelako borondate ederra eskertzen da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun