Igandean Lesakan inauterietako egun handia ospatzen da. Nahiz eta inauteri kutsua lehenago hasi eta larunbata jai egun handia izan, ohatzetik jaiki eta hutsik egin gabe zako zarrak prestatzen hasi dira. Arratsaldeko 17:00etan zaku zahar txikiak eta mairuak atera dira eta musikak eta alaitasunak Lesakako karrikak bete ditu. Frontoiaren gibeleko aldean hitzordua paratua zuten zako zahar helduek. Ordu horretarako belar multzoa plaza erdian utzia zegoen eta poliki poliki zako zahar bilakatu behar zirenak hurbiltzen joan dira. Arratsaldea haizetsua suertatu da eta zerura begiratu ezkero, euriak mehatxu egiten zuen eta denek gauza bera genuen burutan : “ea irauten duen”. Jendea zakuak jartzen hasi da eta belarra barrura sartzen. Hasiera batean erran digute gehiago zirela, gero kuadrila batzuk ez zutela parte hartu behar eta agian gutxiago izanen zirela...Nork daki, azken momenturarte deus ez da ziurra. Batzuk azken momentuan ateratzea gogotu eta besteek ohatzetik ezin jaikiz... Lan handia egiten dute jostunek. Aunitz dira eta ez dakit jostun itxura duten, baina horratz lodia eta hari potoloaz gain, guraizeak ere lepotik zintzilik dituzte. Ederra da ikuskizuna. Ederra ere itxuraldaketa. Bi hanketan zakuak sartu eta gorputzean bestea. Aurpegia ohial zuri batekin estali eta lastozko zapela. Momentu batean ezagun izatetik ezezagun izatera pasatzen dira eta soilik atorraren koadroetan erreparatzen badugu jakinen dugu edo gutxienez saiatuko gara nor den bakoitza. Hori bai, bigarren itzulirako erabat galduta gaude. Geroz eta jende gehiago hurbildu da prestatzen ari diren tokira eta bapatean makilak eskuetan hartu, maskuria...eta prest. Hasi da ikuskizuna! Aurten 38 inguru atera dira eta adinari dagokionez 20 urtekoa omen da bataz bertze.
Espetxeratuak gogoan
Hasi baino lehen lerro txiki bat osatu dute eta espetxean daudenak gogora ekarri nahi izan dituzte. Momentu hunkigarria bizitu izan da eta jendearen txaloak jaso dituzte. Frontoitik plazara eta bertatik ibilbide osoa osatu arte. Herritarrak bai, baina nonbait kanpotarrek ere aski ongi ezagutzen dute zako zaharren ohitura eta jende mordoa hurbildu da. Maskuriak dantzan jarri dituzte eta nahiz eta gehienetan soinua astinaldia baino handiagoa izan, beldurra eragin dute txikienen artean. Neska kozkorrek ere ihes zuten eta badakizue, zako zaharrek zail dutela lasterka aritzea, baina moldatzen ziren errebantxa hartzeko. Pentsa, bati zapela erori egin zaio eta guk jarri behar izan diogu, nahiko lan baitzuen zutik mantentzeko. Zako zaharrek bere ibilbidean zenbait pausaldi egin dituzte. Horien artean Antoiuko errota zaharrean egindakoa. Lerroan jarri dira bata bestearen aurrean eta momentu berezi hau aprobetxatu dugu gehienok argazki sorta ateratzeko. Arraroa egiten zen, bazirudien posean zeudela jendearentzat. Eskoltxikira ere joan dira eta berriz ere beste itzulia. Suge dantza antzeko bat egin dute herriko kale eta auzo gehienetara iristeko. Lesakako bandak ohiko “Napoleones” jo dute eta zako zaharrek ederki kantatzen zuten, hori bai, “lara,lara” errepikatuz behin eta berriz. Azkenean euria hasi du, baina ez da nahikoa izan besta zapuzteko. Igandekoa horrelaxe joan da, baina astelehenean berriz ere Lesakara hurbilduko gara. Goizean goiz Fraindarrekin bere eskearen zati bat eginen dugu. Handik Berara joen gara eta baserrietan egiten duten arroltze arroltze eskea jarraituko dugu. Eta azkenik, berriz ere Lesakara joanen gara eguerdian izaten den orgen desfilea ikusten. Hiru osagai hauekin menua osatuko dugu, baina hori bai, guzti hau asteartean ikusgai izanen duzue.
Astelehenean, Fraindarrak eskean…
Lesakan inauteriak ez dira zako-zahar edo eskera mugatzen. Astelehen goizean eskea egiten dute Fraindarrek Frain auzoan. Badira 30 urte pasa hasi zirela eta urtero egiten dute hutsik egin gabe. Goizean elkartu eta umoretsu ekiten diote saioari. Zenbait baserri egin, Bekon berriz gelditu eta guk inguru horretan topatu ditugu. 30 inguru ziren aurten, azken urteetako kopururik handiena, eta nahiz eta emakumerik ez egon, ez dituzte ateak ixten eta guztiak ongi-etorriak dira: gizonak, emakumeak eta gazteak. Esku zabalik hartu gaituzte eta pozgarria gertatu zaigu beraiekin egotea. Etxe bakoitzean mokadutxoa hartu eta bideari ekiten diote, hori bai, dantza saio eta kantaldia egin ondotik. Harrituta geratu gara bi pertsonek erratza zeramatela ikusita, baina ohartu gara arreta ez zutenentzat aproposa zela. Euria hasi du eta aterpea beharrezkoa izan da. Etxe baten atarian egon dira noiz atertuko zain, baina egia erran, ikusi dute eguraldiak ez zuela halako itxurarik eta alde egin dute. Salbador Madariaga eta Jose Manuel Igoa soinu joleak kezkatuta zeuden, euria ez baita batere lagun ona akordeoiarentzat. Elordi baserrian gosaria egin zuten, eta ez nolanahikoa gainera! Xolomoa, haragia saltsan, tortila…a ze itxura! Etxeko andreak bere aldamenean zituen alabak eta baita bilobak ere eta hauek gustu ederrez hartu dute koadrila. Saskian arroltzeak sartu dituzte eta baserritik ateratzen hasi dira. Hori bai, erratzak zituzten bi fraindarrek zain zituzten eta batek baino gehiagok ipurdikoa jaso du. Kalejira egin dute etxe atarian.
…eta karroza desfilea plazan
Lesakakoak desfile itxurarik handirik ez du, bakoitza bere kontu ibiltzen da. Pinguinoak jostetarako gogoz ikusi ditugu, erleak eta erle zaina…eta baita ijitu hauek ere. Garbi dago desfilean ez dutela bakarrik adinekoek parte hartzen eta denek ateak zabalik dituztela. Haurrak ere mozorrotuak zeuden bakoitza gai bat aukeratuz. Eta Estatu Batuetatik edo auskalo nondik, baina rapero hauek ere bertaratu dira. Hori bai, arazoak izan dituzte musika tresna martxan jartzeko.. Koadrila handi bat ikusi dugu eguzkiaz gozatzen. Bai, euria ari zuen Lesakan baina hauek uste dut ez direla batere ohartu. Tantirumairu ikastolako haur, guraso eta ikasleek eguzki erregearen aitzakian egin dituzte aurtengo mozorroak eta denetatik ikusi ditugu. Pozik zeuden eta ziur jantzita zituzten neoprenozko arropek gutxienez euri eta hotzetik babesten zituztela. Bizikleta gainean joaten diren polizi amerikarrak ere tartean zeuden. Eta pixka bat haratago emakume talde hau ikusi dugu. Lasai etzan dira beraien hamaketan eta aperitiboaz gozatzen ari ziren. Aldamenean “Pescanoba kapitaina” zuten beraien nahiak betetzen. Sua prest eta baita otarrainxkak ere. Eskerrak azkenean zintzurra bustitzeko Martini xuria atera dietela, bestela, nahiko lan gurekin solasean aritu, otarrainxkak jan eta eguzkia hartzen. Inauterietako astelehenean euriak protagonismoa kendu nahi izan die mozorroei, baina erraten ahal dizuet ez duela lortu eta primerako giroa zegoela Lesakan eta are gehiago Frain auzoan.