Bortzirietako frontenis txapelketan izen emateko epea zabalik

TTIPI TTAPA 2008ko otsailaren 1a

Lesakako Batzoki elkarteak antolatu du hirugarren urtez

Bortziritako hirugarren frontenis txapelketa martxan jarri nahi du Lesakako Batzoki elkarteak. Izen ematea otsailaren 13a arte izanen da eta horretarako, Laura Iantziren 686 759 341 telefonora deitu behar da edo frontoian jarrita dagoen zerrendan izena paratu. Aurten sei plaza libre daude txapelketan izen emateko, beti ere aitzineko urteetan aritutakoak lehentasuna dutelako. Txapelketa otsailaren 16an hasteko asmoa du Batzoki elkarteak eta larunbata eta igande arratsaldetan jokatuko da.

Nafarroako paleta goma txapelketako jardunaldia larunbatean Lesakan

Bertze aldetik, Lesakako txapelketan jokatu ondotik, aurtengo Nafarroako Paleta Goma txapelketan izena eman duten bikoteak hauek dira: Lehenbiziko mailan, Guillermo Antxordoki eta Imanol Telletxea txapeldunak eta Iñigo Rodriguez eta Josu Almandoz, iazko Nafarroako bigarren mailako txapeldunak. Bigarren mailan, Joseba Oskariz eta Carmelo Berho alde batetik eta Guillermo Etxenike eta Cesar Iñarrea, bertzetik, ariko dira.

Lehenbiziko partidua Iruñean jokatu zuten joan den larunbatean, urtarrilaren 26an, eta bigarrena Lesakan jokatuko dute heldu den larunbatean, otsailaren 2an, arratsaldeko 16:30etik aitzinera.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun