Duela urtebete Taillon mendian hildako Xabier Zubieta, Luis Mari Pikabea Loro eta Xabier Saralegiren omenez, Santa Barbarako kaxkoan oroitarria ezarri eta omenaldi ekitaldi hunkigarria egin zen urtarrilaren 12an. Eguraldi kaxkarrari aurre eginez, hainbat senide, lagun eta mendizale bildu zen, Agerra mendi taldearen deialdiarekin bat eginez. 9:30 aldera abiatu ziren Agerratik Santa Barbara oinez animatu zirenak. Behin Santa Barbaran, omenaldi ekitaldia hasi zen, euripean.
Lehenik, oroitarriaren gainetik ikurrina kendu zuen Sabino Kortak eta oroitarrian plaka ezarri zuen. Ondotik, etxekoek bortz lore sorta ezarri zituzten eta oroitarriaren bedeinkazioa egin zuen On Frantziskok. Segidan, txistulari taldearen doinuekin aurreskua dantzatu zuen Iñaki Eskuderok. Gero, Berako Abesbatzaren eta Julen Zelaieta bertsolariaren txanda ailegatu zen, eta azkenik, Agur Jaunak abestu zuten Abesbatzak eta partehartzaileek.
San Barbarara Igoera
Santa Barbarara lehenbiziko igoera egin zen arratsaldean. Kiroldegitik abiatuta Santa Barbara igo ziren mendizaleak bikoteka. Guzira 53 bikote aritu ziren lasterka, baina konpetizioa baino gehiago, hildako hiru mendizaleen omenezko ekitaldi bezala ulertu zuten bai antolatzaileek, baita partehartzaileek ere. gisa honetako probetan parte hartzeko ohitura handiegirik ez duten kirolariak ere animatu ziren proba honetan parte hartzera. Inongo palmaresean agertuko ez bada ere, hiru kilometro t’erdiko igoera eta bi kilometro t’erdiko jautsiera azkarren egin zuen bikotea, Manttaleko Fernando Etxegaraik eta Euskal Herriko selekzioko Joxe Felipe Larrazabalek osatutako bikotea izan zen, 23 minutu eta 40 segundoko denborarekin. Aipatzekoa da, gizonen bikoteak ez ezik, neska-mutilen taldeak eta neskek bakarrik osatutakoak ere atera zirela beti ere Zubi, Loro eta Xabi gogoan. Antolatzaileek, konpetizio kutsurik batere ez duen proba honi segida emateko borondatea erakutsi dute.