Ortzegun Gizeneko etxez etxeko eskearekin abiatu dira inauteri ofizialak Bortzirietan

Aitor AROTZENA 2008ko urt. 31a, 15:00
Argazkian ageri denez, Lesakan ttiki-ttikitatik hasten dira Arraultze-Arraultzeko eskearekin. TTIPI TTAPA

Beran, Lesakan eta Etxalarren puxka biltzen ibili dira haurrak

Ortzegun Gizeneko etxez etxeko puska biltzearekin hasi dira inauteri ofizialak Bortzirietako Bera, Etxalar eta Lesakan.

Beran inauterietako mozorroekin

Ostegun gizen, ortzegun bakotz, zinger arroltze, arroltze arroltze, orakunde, egun ttunttun, oilar dantza…modu aunitz egun bakar bat adierazteko. Kontua da haurrak direla protagonistak, nahiz eta bere jatorrian hala izanen ote zen zalantzan jarri. Hala edo hola, protagonistak haurrak dira eta ostegunean ez dute ikastetxera joan behar, beraz, bi arrazoiengatik kontent egoten dira: eskean aritzen direlako eta eskolarik ez dagoelako. Berara joan eta Foruen plazan ikusi ditugu lehen mozorroak. Goiz da, ez bai dira oraindik goizeko 10ak, baina garbi dago gustukoa denean ekintza, ordua ez dela traba izaten.

Baserritar jantziekin Etxalar eta Lesakan

Lesakan ere, inauteriak nolabait asteko Arraultze Arraultze eguna izaten dute Ortzegun Gizen egunean. Ttikienak gurasoen laguntzaz eta behin adin batez gero, bikoteka edo kuadrilaka antolatuak hortxe ibiltzen dira goizean goizetik eskean: Arraultze Arraultze, zingar arraultzea, bat ez bada bertze. Batzuk goizeko 9etako hasten dira eta etxez etxeko eskeaz gain, herriko denda guzietara bisita egiten dute. Nahiz eta berez, janari kontuak eskatu, berdin-berdin sartzen dira botiketara, mobledendatara edo banketxetara ere. Komertzioak, noski, prest egoten dira egun honetarako eta bere ohiko salgaiez gain, arraultze, goxoki eta frutaz ongi hornituak izaten dira.

Etxalarko haurrek ere Ortzegun Gizen goizean hasi dute inauterietako eromena. «Urtzaingizen, urtzaingizen, zingar arraultze, bat ezpada bertze, biyek hobe» kantatuz eskean atera dira. Baserritarrez jantzita, koadrilatan, urtatxak bildu dituzte, arratsaldeko antzerkiei paso emateko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun