Hilaren 17tik 19ra bitarte pasatu dira eta gutti gorabehera ohiko egitarauarekin. Ortzegun goizean Zakutenean ederki gosaldu ondoren, 26 Mozorro Zuri inguru eta lau soinulariak (Gurutze, Ainara, Itziar eta Agerralde) eskolako lagunei bisita egitera joan ziren. Halere, aurten bertze bi lagun batu zitzaizkien, Jon Maia eta Jexux Mari Irazu. Bi bertsolari horiek baserriz baserri bertsotan ibiltzeko proposamena egin zieten gazteei eta hauek gustura hartu zuten. Bi taldetan banatu ziren Mozorro Zuriak, bina musikarirekin eta bertsolari banarekin. Lau auzoetan barna etxez-etxe ibili ostean, besta saltsa iluntzerako akautu zuten.
Biharamunean herri kaxkoa hartu zuten. Eskolako gaztetxoak ere egun hori aprobetxatu zuten puxka-puxka ibiltzeko. Ilunabarrean 60 emakume inguruk afaria egin zuten Pabloenean, eta herriko gorapean, berriz, herriko musikaria den Modestoren eskutik dantzaldi izan zen. Batzuentzat seguruenik goizaldera bitarte luzatu zen arratsa. Baina biharamunean ere indar faltarik ez zegoen. Larunbatean 17:00ak aldera hasita, herriko gaztetxoak eta guraso gehienak mozorro kalejiran izan ziren. Guraso Elkarteak emandako meriendaren ondoren, herrian barna dozena erdi bat asto hartuta paseoa eman zuten partaideek. Mozorro Beltzak ere ez ziren urruti ibili. Mezondoan asto karreran eta sokatiran aritu ondoren, Aterpen prest zuten afarian 110 lagunek gozatu zuten. Maia eta Irazu bertsolarien laguntzaz giro berezia sortu zen. Goizaldeko 3ak aldera altxatu omen ziren gehienak mahaitik. Bi bertsolariak ere ez ziren esku hutsik joan Arantzatik, eta Luis Madariagaren bi makil oparitu zizkieten Mozorro Zuriek. Eta giro paregabean parrandak jarraitu zuen. Aipatzekoa da, jendetza izan zela inauterietaz gozatzen eta gero eta jende gehiago mozorrotzen dela.
Errifen zozketa
Urtero bezala, Mozorro Zuriek sari ederrak zozketatu zituzten larunbat ilunabarrean plazan.
Sarien jabeak bertan eta momentuan atera ziren:
lehenengo saria, telebista bat, Frantxi Tabernak eskuratu zuen;
bigarren saria, mikrouhina, Ibarlakoentzat;
hirugarrena, kafetera, Azkilarreko Osildekobordara joan zen.