Liburutegi eta Kultur Etxe proiektua geldiarazi du Ur Konfederazioak

TTIPI TTAPA 2008ko urtarrilaren 31

Onin bideratzen denean berriz ekinen zaiola baieztatu du alkateak

Liburutegi eta kultur Etxe berria egiteko lanak hutsean uztea erabaki du Udalak ahobatez, Espainiako Iparraldeko Ur-Konfederazioak baimena ukatu baitu, proiektua «urpean gelditzen ahal den hiri eremuan» kokatua dagoelako. Aurten, Onin erreka bideratzeko lanak egitekoak dira eta horren ondotik, berriz ere Kultur Etxearen eta liburutegiaren proiektuari ekiteko modua izanen dela aipatu digu Koldo Erkizia alkateak.
Jakina denez, garai bateko karmeliten konbentuan Kultur Etxea eta ondoan liburutegia egiteko asmoa du aspaldian Udalak, baina gauza batengatik edo bertzearengatik gibeleratzen ari da egitasmoa. Oraingo proiektua BHV Arquitectos enpresak egina zuen, 1.200.000 euro eskaseko aurrekontuarekin. Lanak emateko lehiaketa ere iragarri zen eta bi enpresen eskaintza hartua zuten Herriko Etxean.
Baina Espainiako Iparraldeko Ur-Konfederazioaren idatziak, Kultur Etxearen eta liburutegiaren eraikuntza lanen tramiteekin ezin dela segitu azpimarratzen du, «proiektua urpean gelditzen ahal den hiri eremuan kokatua dagoelako». Gainera, udal kontuhartzaileak eta idazkariak ere bertze arazo batzuen berri eman zuten. Kontuhartzaileak aurrekontu sailari eta Herriko Etxearen egoera ekonomikoaren berri ematen zuen eta idazkariak bertze arlo batzuk aipatzen zituen, hala nola Ur Konfederazioaren baimena, obren zuzendaritza edo Nafarroako Gobernuaren dirulaguntza kobratzeko ezarritako epeak.
Hauek denak kontuan hartuta, Udalak lehiaketa hutsean uztea erabaki du, eta horren berri emanen dio Nafarroako Gobernuko Kultura eta Turismo Departamentuari.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun