Joan zen urtarrilaren 16an kaldereroen gaineko gogoetarako bilera egin zen Kultur Etxean. Parte-hartzea hagitz haundia izan ez bazen ere, bertan ateratako gogoeta eta lanerako gogoari esker, otsailaren 2an azkenean eginen da kaldereroen besta. Bertaratutakoek antolaketa batzorde bat eratzea erabaki zuten, eta kultur teknikari eta zinegotziaren koordinaziopean ariko dira aurtengo bestaren antolaketan. Bi urterako egitasmoa prestatu da. Aurten, aldaketa ttiki batzuk sartuko dira, denbora faltagatik aldaketa sakonagorik ezin izanen baita egin. Baina heldu den urterako jende gehiago inplikatu nahi dute.
Orain urte batzuk ibilbide aldaketa egin bazen ere, lehenagoko ibilbidea berreskuratu nahi dute antolatzaileek: 19:00etan Illekuetatik atera, Altzate karrika gurutzatu, Eztegaratik jarraitu eta zahar etxera joanen dira. Hemendik Legia karrikan barna Herriko Etxeraino iritsiko dira San Esteban karrikan barna. Bertze berrikuntzetako bat azkeneko urteetan galdutako gurdiarena izanen da. Lehen haurrak eramateko hiru gurdi ateratzen ziren eta azken urteetan ohitura hori galdua zen. Lan horretan ibili dira baina denbora gutti dagoenez, gurdi bakarra aterako da aurten. Heldu den urterako aldaketa gehiago egiteko asmoa dago, hori bai, jende gehiagoren laguntzarekin. Hala nola, besta egunez aldatzea. Kaldereroak, normalki, inauterien aurreko asteburuan egiten dira. Arrazoi ezberdinak tarteko, ordea, azken urteotan inauterietako larunbatean ospatu ohi dira eta hori aldatu nahi da. Horrez gain, Hartzaren pertsoanaia eta plazan egiten zen dantza ere berreskuratu nahi dira.
Aurtengoari dagokionean, lagundu nahi duenak Kultur Etxera joan edo 948 631222 telefonora deitu dezake. Rnsaioak hilaren 29an eta 30ean eginen dira, 19:30ean Kultur Etxean.