Duela urte dexente ezagutu nuen Igor Portu, Lekarozko institutuan. Lau urtez elkarrekin ikasi genuen eta ederki demostratu zuen pertsona bikaina zela, bihotz onekoa guztiz. Oraindik bere irrifarra burutan dut, bere izateko modua bihotzean. Duela hilabete batzuk egon ginen elkarrekin, Elizondon, gau batez, bestan, eta denbora aunitzez elkar ikusi gabeak baginen ere, denbora pasatu izan ez balitz bezala hitz egin genuen, betiko laguntasun berarekin.
Badago laguntasun mota bat askotan ematen dena, eta zenbaitentzat atipikoa izan arren benetan purua eta garbia dena, konpromisoetan oinarritu gabe. Aunitzetan lagun direla uste dugunak ez dira benetako lagun, eta alderantziz, guttitan ikusten ditugunak, inor baino lagunago izan daitezke, benetan merezi duten horietakoak; eta halako zerbait da nik Igorrengatik sentitzen dudana.
Azken egunotako gertaerak samintasun handiz jaso ditut, eta orain bere irrifarra irudikatzea kosta egiten zait, gehiago egunetik egunera, pasa dituen une latzak kontuan hartuz. Bere testigantzek amorruz bete dute nere bihotza, kostata irakurri ditut, malko artean, eta gelditu zaizkidan indar guztiak berari pasatu nahi izan dizkiot, baina ezin. Oihu eta negar egin dut beregatik, baina dena guttiegi izan da, alferrik, zoritxarrez bihotzik gabekoen eskutan egon baita bera bitartean, eta hauek, beste nonbait egon beharko luketen hauek, bere bizia eta ondokoena izorratu dutelako bertze behin.
Zer da hau?? Noiz arte jarraituko dugu halako gauza LARRIAK onartzen?? Non ditugu begiak?? Noiz irekiko ditugu, eta zer beharko dugu horretarako??
Gaur hemendik oihu egiten dut berriz, oihu denen artean zerbait egin dezagun halako TORTURAK errepikatu ez daitezen, oihu torturatzaileen kontra, oihu Igorri, Mattini eta hauek bezala dauden aunitzi animoak emateko, oihu bere familia eta lagunei indarra emateko… Ojala nere oihuen oiartzuna urruti iristea, ojala laster Igorrekin egoteko aukera izatea, eta ojala amesgaizto hau laster bukatzea.
Igor Porturen ikaskide ohiak