Lesakako Irain eskolako inauteri besta antzezpen eta musikaz hornitua egon da

Goizalde URDANPILLETA 2008ko urtarrilaren 30a

Irain eskolako bosgarren mailakoen antzespenaren irudia. TTIPI TTAPA

Lesakako Irain eskolan inauteri besta egin da ilbeltzaren 30ean, asteazken goizean. Eskolako gimnasioa baliatu dute ekintza honetarako. Inauteri aroan murgildu aldera, urtero mota honetako ikuskizuna antolatzen dute haur, irakasle eta gurasoen parte hartzearekin.

Haur Hezkuntzako piratak

Lehen Hekuntzako seigarren mailakoek aurkezpena egin ondoren, Haur Hezkuntzako haurrak Karibe itsasotik etorritako pirata maltzur eta beldurgarrietan bilakatu dira. Beraien loro eta itsasontziarekin hurbildu dira denen irribarrea eraginez.

Lehen Hezkuntzakoen emanaldiak

Hauen ondotik, Lehen Hezkuntzako lehenengo eta bigarren mailakoen txanda izan da. Hauek indiarrez mozorrotu eta pare bat kanta eta dantza eskaini dituzte. Ondotik, hirugarren eta laugarren mailakoen txanda izan da. Hauek antzezpen bitxia egin dute. Bi ahizpen historia agertu dute. Bata ona eta bertzea gaiztoa. Onak sorgin bati laguntza eman eta saria jasotzen du eta gaiztoak, aldiz, berekoikeriaz jokatu eta ordaina jasotzen du. Segidan, seigarren mailakoek “Aspirina medikua” izeneko lana eskaini dute. Berdin buruko edo tripako mina, mediku honek denei aspirinaren errezeta ematen zien eta gainera, kontsulta ederki kobratu! “Ongi zaude, ongi zaudela pentsatu” erraten dio medikuak eriari eta honek erantzun “kobratu dut, kobratu dudala pentsatu…” Azkenean bosgarren mailakoek horoskopoa botatzeko makina bitxia aurkeztu digute. Asmatzaileak makina saldu nahien bere funtzionamendua erakutsi eta lehen bezeroak izan ditu. Ez pentsa, ez zen batere merke, 5.000 euro” Hori bai, aste honetan erosi ezkero 4.000 euro besterik ez omen ziren ordaindu behar.

Saio polita osatu ondotik, ikasle guztiek kalejira egin dute eta ondotik bakoitza bere gelara joan da. Hortaz, inauterietako lehen ekimenak burutu dira Lesakan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun