Inauterietako argazki digital lehiaketa eginen du www.berakoudala.net webguneak

TTIPI TTAPA 2008ko urtarrilaren 29a

Irabazleak MP4 bat izanen du opari

Inauterietako argazki digital lehiaketa paratu du abian www.berakoudala.net webguneak. Edozein pertsonak parte hartu ahal izanen du eta bakoitzak nahi hainbertze argazki bidali ahal izanen ditu. Argazkiak 72ko erresoluzioarekin .jpg formatuan bidali ko dira kultura.bera@gmail.com helbidera otsailaren 8a baino lehen. Argazkiarekin batera parte hartzaileek datu hauek bidaliko dituzte: izen-abizenak; telefonoa eta posta elektronikoa (datu horiek ez dituzten argazkiak ez dira argitaratuko eta ez dute lehiaketan parte hartuko).

Argazkiak Berako inauterietan 2008an ateratakoak izanen dira. Argazkiaren jabegoa egilearena izaten jarraituko du, baina antolakuntzak argazki irabazlea erabili ahal izanen du 2009ko azala egiteko. www.berakoudala.net-eko kudeatzaileek jasotako argazkien aukeraketa bat eginen dute. Hautatutako argazkiak www.berakoudala.net webgunean zintzilikatuko dira.

MP4 bat irabazlearentzat

Lehiakideen artean sari hauek banatuko dira: Argazki onenarentzat: mp4. Parte hartzaile guztien artean liburu eta disko sorta bat zozketatuko da. Lehiaketan parte hartzeak nahitaez dakar oinarri hauek onartzea, eta www.berakoudala.net webgunean zintzilikatzeko eskubidea uztea.

Inude eta artzaien eta kaldereroen entsaioak Beran

Beran, kaldereroen eta Inudeak eta Artzaien entsaioekin hasiak dira Kaldereroek, urtarrilaren 29an, asteartean eta urtarrilaren 30ean, asteazkenean, entsaiatuko dute Eztegara pilotalekuan, arratseko 8etan. Inudeak eta artzaiak taldearen entsaioak, urtarrilaren 31n, ortzegunean Eta otsailaren 1ean, ortziralean eginen dira ordu eta leku berean. 20:00 Eztegara pilotalekuan

Musika Eskolakoen kalejira

Asteazken arratsaldean, Berako Isidoro Fagoaga udal Musika Eskolan inauterietako besta izanen dute. Arratsaldeko 4:30ean Entsaioak eginen dituzte Musika Eskolan. Ondotik, eguraldiak laguntzen badu, Kalejira eginen dute Zahar etxea bisitatuz. Arratsaldeko 5:30ean kontzertu ttiki bat eskainiko dute Musika Eskolan. Kontzertuaren ondotik mozorro lehiaketa eta berendua izanen dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun