Bortzirietako eskuz banakako VII. txapelketaren finalak jokatu ziren larunbatean Beran

Oskar TXOPERENA 2008ko urt. 28a, 15:04
95 pilotarik parte hartu dute Bortzirietako buruz buruko txapelketan. TTIPI TTAPA

Lesakako Arkupeko pilotariek 9 finaletatik 5 irabazi zituzten

Larunbat goizean jokatu ziren Berako Eztegara pilotalekuan Bortzirietako eskuz banakako zazpigarren pilota txapelketako finalak. Denetara 95 pilotarik parte hartu dute txapelketa honetan, bederatzi kategoria ezberdinetan banatuak. Aurrebenjamin edo ttikien A mailako partidarekin hasi zen finalen txanda. Berako Gure Txokoako bi pilotari izan ziren aurrez aurre eta partida aski borrokatua eskaini zuten. Azkenean, Mikel Eltzaurdiak 18 eta 13 irabazi zion Yago Cantero, partida polit baten ondotik. Aipatzekoa da Mikel Eltzaurdiak eta Yago Canterok bikotea osatu zutela eskuz binakako txapelketan eta txapeldun atera zirela. Beraz, Eltzaurdiak binakako nahiz banakako txapela jantzi ditu eta Yago, txapeldun izan da binaka eta azpitxapeldun banaka. Ttikien B mailako partidan, berriz, Lesakako Arkupeko bi pilotariren arteko lehia ikusi zen. Jorge Agirrek nahiko erraz irabazi zion partida Jon Leizari, 18 eta 8, baina biek ere tantu politak eskaini zituzten.

Umeak mailako bi txapelak Igantzira

Umeak B mailan ere partida ikusgarria eskaini zuten Igantziko Biltokiko Enaitz Telletxeak eta Etxalarko Altxatako Andoni Iribarrenek. Hasiera hagitz berdindua izan zen eta tantu batzuk aitzinetik ere paratu zen Etxalarko pilotaria. Baina igantziarrak lasaitasunez hartu zuen eta pixkanaka nagusitzen joan zen. Gainera, aipatzekoa da Enaitz Telletxeak berez dagokion adinari baino kategoria bat goitiago aritzen dela eta halere txapela janztea lortu zuen azkenean, 18 eta 10 irabazi zion Andoni Iribarreni. Tanto politak ikusi ziren, batez ere, dejadak txokoan eta zabalean ongi botatakoak. Umeen A mailan ere Igantzira joan zen txapela. Biltokiko Oihan Canabalek 18 eta 14 irabazi zion Gure Txokoako Peio Migelenari. Eztegara pilotalekura hurbildu ziren zaleen artean, behar bada Igantzikoak izan ziren animo gehien eskaini zutenak eta Oihanen aldeko pankarta eta guzi etorri ziren frontoira. Partida berdindua eskaini zuten, nahiz eta gehienetan Canabal aitzinetik joan markagailuan. Halere, partida erabakia zuela ematen zuenean beti hurbildu egiten zitzaion Berako pilotaria. Azkenean, halere, 18 eta 14 Oihanen alde. Gisa honetara, binakako txapelketan gertatu zitzaion bezala, banaka ere azpitxapeldun izatearekin konformatu behar izan zuen Peio Migelenak, baina partida ederra egin zuen.

Kimuak mailan final ikusgarriak

Kimuak B mailan, Lesakako Arkupeko bi pilotariren arteko norgehiagoka polita ikusi zen. Aitor Altzugaraik eta Ander Legasak, kantxatik kanpo lagunminak diren arren, kantxan eta batez ere txapela jokoan denean, lagunik ez dela erakutsi zuten. Partido gogorra eta borrokatua egin zuten. Ander Legasa hasieran aurretik joan arren, gero partidoak berdinketa aunitz izan zituen. Ez zuten pilota bakar bat ere galdutzat ematen eta belaunean urraturen batekin edo bertzerekin joan izan ziren seguruenik biak. Azkenean Aitor Altzugaraik 18 eta 14 irabazi zion Ander Legasari. Honela, Altzugarai binaka azpitxapeldun izan ondotik, buruz buruko txapelarekin joan zen etxera. Kimuak A mailan ere ikuskizun ederra eskaini zuten Berako Gure Txokoako Beñat Mitxelenak eta Igantziko Biltokiko Unai Telletxeak, bi pilotalari hauek aurrez aurre aritzen diren bakoitzean bezalaxe. Beñat Mitxelenak 18 eta 12 irabazi zion azkenean Unai Telletxeari. Mitxelena beti tanto batzuk aitzinetik joan arren, Telletxeak ahalegin guztiak egin zituen hurbiltzeko, baina, txapan hotsa gehiegitan aditu behar izan zuen. Izan ere, tantua erraz akautzeaz gain, defentsa ederra duela ere erakutsi zuen behin baino gehiagotan Mitxelenak. Tantu batzuk ikusgarriak izan ziren, bi pilotariak lurrean iraulka alde batetik bertzera, zabalean, txokoan eta beti ongi bukatuak. Beñat Mitxelenak binakako txapela ere irabazi zuen eta buruz burukoa ere merezimendu osoz irabazi zuen.

Azkeneko hiru partidatan lesakarrak garaile

Azkeneko hiru partidetan lesakarrak izan ziren txapeldun. Haurran mailan bi partidoak hagitz abudo akautu ziren. Garaileak erraz nagusitu ziren partido hasieratik eta markagailuetan ez zen oreka handirik izan. Haurrak B mailan Arkupeko Javier Maiak 18 eta 4 irabazi zion Etxalarko Altxatako Xabier Gallardoneri. Gallardon, eskuz binakako txapelketan bezalaxe, azpitxapeldun izan zen Eta Haurrak A mailako finalean Arkupeko Unai Zamoranok 18 eta 4 irabazi zion Igantziko Biltokiko Adur Yanciri. Launa berdin egin zuten, baina hortik aurrera 18ra zuzenean joan zen Unai Zamorano. Lesakako pilotaria azpitxapeldun izan zen binaka, baina buruz burukoan txapela lortu zuen.

Eta azken partidoan, Kadete mailan, elkar ongi ezagutzen duten bi pilotalari lesakar aritu ziren nor baino nor, Josu Sanjurjo eta Mikel Maia. Hauek ere lagun handiak dira, baina finalean hortzak erakutsi zizkioten elkarri. Azkenean, Josu Sanjurjok 18 eta12 irabazi zion Mikel Maiari. Partidoa hagitz gogorra eta kalitatezkoa izan zen. Tanto politak ikusi ziren eta aski pilota zailak eraman zituen Mikel Maiak, baina ez zen aski izan Sanjurjo menperatzeko. Aipatzekoa da, bi pilotari hauek elkarren kontra jokatu zutela eskuz binakako finala ere. Orduan Maia izan zen txapeldun eta Sanjurjo azpitxapeldun. Banakakoan, txapela buruz aldatu zen. Finalak ikustera hurbildu zen jendea gustora zegoen pilotalariek eskeinitako ikuskizunarekin eta esku-zarta ederrak entzun ziren Eztegara frontoian goiz osoan. Bederatzi partidoak bukatu ondoren sari banaketa egin zen eta Txapelketan parte hartu duten guztiei ere, banatu zitzaien oroigarri bana. Txapelketa hau bukatu da, baina datorren asteburuan batzuek parte hartuko dute Belateko Kluben Arteko Txapelketan. Zizurko 4 terdiko XIII Txapelketa ere hasia da jadanik.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun