Baserriz baserriko eskearekin ospatu dituzte inauteriak Igantzin

TTIPI TTAPA 2008ko urtarrilaren 28a

Igantziko mozorroak Olatxeberriko atarian. TTIPI TTAPA

Ortziralean Berrizaun auzoan ibili ziren eta larunbatean herri ingurukoetan

Euskal Herriko eta gure eskualdeko bertze txoko aunitzetan bezala, Igantzin ere ortziral eta larunbatean, urtarrilaren 25ean eta 26an ospatu zituzten inauteriak. Bertze urteetan Igantziko mozorroek ohiko ibilbidea bazkalondoan abiatzen badute ere, aurten goizean hasi ziren. Goizeko hamekak aldera elkartu ziren mozorroak eta Iturengo trikitilariak Igantziko Biltokin eta kotxeak hartu eta Berrizaun auzora joan ziren. Hogeita hamar bat laguneko koadrilla eskean ibili zen Berrizaun auzoan.

Beginoenean, Makaldin, Bidalenean, Hitan eta bertze zenbait etxetan eskean ibili ziren eta trikitixa doinuekin dantzan aritu ziren Igantziko gazteak. Hori bai, goizeko ordu horietan dantzara animatzen ziren bakarrak neskak diren.

Errepide ondotik, Olatxeberrira ere hurbildu ziren. Maria Doloresek gustoa hartu zituen gazteak. Izan ere, inauterietan besta giroa hurbiltzen dute Berrizaun auzora. Berrizaun auzoan eskean ibili ondotik, bazkaltzera Igantziko Allineara itzuli ziren. Arratsaldean, berriz, herri inguruan ibili ziren eskean. Eguna behar bezala bukatzeko, afaria egin zuten mozorroek.

Larunbatean ere baserriz baserriko eskea

Larunbatean goizean berriz, Irisarri auzotik hasita, herri bazterreko bertze auzoetan barrena ibili ziren, Elutsa, Unanu, Piedade Gaina eta Frain auzoetan, hain xuxen. Gauean afaria izan zuten. Herriko ttikienek ere izan dute inauterietan gozatzeko aukera. Larunbatean, bazkalondoan, euren mozorroak erakutsiz desfilea egin zuten musikariekin batera.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun