Lesakako liburutegi eta kultur etxe berria egiteko lanak hutsean uztea erabaki du Udalak ahobatez, Espainiako Iparraldeko Ur-Konfederazioak baimena ukatu baitu, proiektua “urpean gelditzen ahal den hirigunean” kokatua dagoelako. Aurten, Onin erreka bideratzeko lanak egitekoak dira Lesakan eta hori gauzatu ondotik, berriz ere Kultur Etxearen eta liburutegiaren proiektuari ekiteko modua izanen dela aipatu digu Koldo Erkizia alkateak.
Jakina denez, garai bateko karmeliten konbentuan Kultur Etxea eta ondoan liburutegia egiteko asmoa du aspaldian Lesakako Udalak, baina gauza batengatik edo bertzearengatik gibeleratzen ari da egitasmoa. Oraingo proiektua BHV Arquitectos enpresak egina zuen, 1.200.000 euro eskaseko aurrekontuarekin. Lanak emateko lehiaketa ere iragarri zen Nafarroako Kontratazio Portalean eta bi enpresen eskaintza hartua zuten Lesakako Herriko Etxean, Excavaciones Arizko SL eta Excavaciones y Construcciones Gorriz SL enpresenak.
Baina Espainiako Iparraldeko Ur-Konfederazioaren idatziak, Kultur Etxearen eta liburutegiaren eraikuntza lanen tramiteekin ezin dela segitu azpimarratzen du, “proiektua urpean gelditzen ahal den hirigunean kokatua dagoelako”. Gainera, udal kontuhartzaileak eta idazkariak ere bertze arazo batzuen berri ematen zuten beraiek idatzitako txostenetan. Zehazki, kontuhartzaileak aurrekontu sailari eta Herriko Etxearen egoera ekonomikoaren berri ematen zuen eta idazkariak bertze arlo batzuk aipatzen zituen, hala nola Ur Konfederazioaren baimena, obren zuzendaritza edo Nafarroako Gobernuaren dirulaguntza kobratzeko ezarritako epeak.
Hauek denak kontuan hartuta, Lesakako Udalak lehiaketa hutsean uztea erabaki du, eta horren berri emanen dio parte hartu duten bi enpresei, BHV Arquitectos enpresari eta Nafarroako Gobernuko Kultura eta Turismo Departamentuari.