Berako udalak azken batzarrean herriguneko ur zikinen kolektore berria egiteko lanak eman zitzaizkion Arian Construcciones y Gestion de Infraestructuras S.A enpresari. Lan honen aurrekontua 1.051.400 eurokoa da eta erabakia, lau udal taldeen aldeko botuarekin hartu zen. Lanak maiatza aldera hastea espero da, baina Berako Udalak garbi utzi nahi izan du, nahiz eta Nafarroako Gobernuaren Toki Administrazio Departamentuaren dirulaguntza izan, kontratua ordaintzeko mailegu bat lortu beharko duela, lanei ekin ahal izateko.
Bertze aldetik, batzar berean, Legia karrikaren eta Jamoteneatik Kaxerna bitarteko sareen berritzea eta zolaberritze lanak ez ziren esleitu. Sasoi eskabazioak enpresa bakarrik aurkeztu zen lehiaketara, baina obren zuzendaritzak proiektuko puntu batzuk aldatu behar direla erabaki zuen. Beraz, obren zuzendaritzaren txostenaren zain gelditu zen Berako udal batzarra, lan hauek emateko.
Herriaren izen ofiziala “Bera” da
Berako Udalak herriaren izena ofizialki eta leku guzietan Bera dela, eta ez Vera de Bidasoa, garbi gelditzea eta hori lortzeko izendapena aldatzeko tramiteak hastea erabaki zuen azken udal batzarrean. Euskara udal batzordeak egindako proposamen horren alde bozkatu zuten batzarrera agertu ziren 9 zinegotzietatik 8k, EAko batek kontrako botua eman baitzuen.
Lehendik ere eginak ditu Berako Udalak honeko tramiteak, baina inoiz ez da behin betirako moldatzea lortu. 1979an Euskaltzaindiak garbi utzi zuen herriaren izena historikoki Bera, eta Bera soilik, zela, de Bidasoa gibeletik paratu gabe. Honelaxe jakinarazi zitzaion Nafarroako Gobernuari eta orain ere bide bera segituko du Berako Udalak.
ANV taldeak, bere botua azaltzerakoan aipatu zuenez, herriaren izena beti Bera izan da eta administrazioaren erabaki batengatik aldatu egin zen. Aralar udal taldeko bi zinegotziak ere aldaketaren alde agertu ziren, baita PNVko biak ere. EAko zinegotzia, aldiz, mozioaren kontra agertu zen. Honela, herriaren izendapena aldatzeko eta ofizialki Bera izateko espedientea hasiko da.