Joan zen urtarrilaren 16an kaldereroen gaineko gogoetarako bilera egin zen Berako Kultur Etxean. Parte hartzea hagitz haundia izan ez bazen ere, bertan ateratako gogoeta eta lanerako gogoari esker, aurten ere izanen da kaldereroen besta, zenbait aldaketarekin, gainera. Otsailaren 2an eginen da, jatorrizko ibilbidea eta gurdia berreskuratuta
Bertaratutakoek antolaketa batzorde bat eratzea erabaki zuten, eta kultur teknikari eta zinegotziaren koordinaziopean jardunen dute aurtengo bestaren antolaketan. “Errazena besta bertan behera uztea litzatekeela” iritzi zioten bertaratutakoek. “Urte aunitzen ondoren, pena litzateke, eta jendearen parte hartzea bultzatzeko ahalegina denon artean egin behar dugula” gogoratu zuten. Hala, bi urterako egitasmoa prestatu da. Aurten, bestan aldaketa ttiki batzuk sartuko dira, denbora faltagatik aldaketa sakonagorik ezin izanen baita egin. Eta heldu den urterako jende gehiago inplikatu nahi dute bestaren antolaketan eta parte hartzean.
Jatorria berreskuratu
Bestaren jatorrira joko dute aurten. Orain urte batzuk egin zen ibilbide aldaketa “zentzuzkoa” izan zela iritzi arren, Herriko Etxeko plaza berreskuratzeko asmoa agertu dute antolatzaileek, eta hala, garai bateko ibilbide bera berreskuratuko da. Otsailaren 2an eginen diren kaldereroak, arratsaldeko 7etan aterako dira Illekuetatik (parte hartu behar dutenek 6:30etarako egon beharko dute bertan), eta Altzate karrika gurutzatu ondotik, Eztegaratik joanen dira zahar etxera, eta hemendik, Legia karrikan barna Herriko Etxeraino, garai bateko ibilbidea eginez, San Esteban karrikan barna. Kaldereroak, normalki, inauterien antzineko asteburuan egiten dira. Baina arrazoi ezberdinengatik Beran inatuerietako larunbatean ospatu dira azken urteotan. Hori ere heldu den urtean berreskuratzeko asmoa dago, eta aste bat antzinatu. Aurten, ordea, inauterietako larunbatean egiten segituko da.
Bertze berrikuntzetako bat azkeneko urteetan galdutako gurdiarena izanen da. Haurrak eramateko gurdia berreskuratuko da, eta horretarako, dagoeneko lantalde bat ari da lan horretan. “Garai batean hiru gurdi ere ateratzen ziren. Aurten ezin izanen dugu hainbertzeko lanik hartu, baina polita litzateke berriz ere gurdi bat baino gehiago ateratzea”, aipatu zuten bilerara gerturatutakoek. Heldu den urterako ere aldaketa gehiago egiteko zenbait ideia atera ziren, baina horretarako, lan talde handiagoa bat beharko litzatekeela aipatu zen. Aurtengo bestaren antolaketan lagundu nahi duenak aski du eguna baino lehen Kultur Etxera jotzea, edo 948 631 222 telefonora deitzea.
Hartzaren pertsonaia berreskuratu nahi da, bai eta plazan egiten zen dantza ere. Baina horretarako jendearen laguntza ezinbertzekoa da. Entsaioetara agertzeak duen garrantzia azpimarratu zen bileran, antzinetik gauzak ongi prestatu ahal izateko, eta jendeak kantak eta dantzak ikas ditzan. Aurten, entsaioak egun eta ordu hauetan izanen dira: Urtarrilaren 29 eta 30ean, asteartea eta asteazkena, arratsaldeko 19:30ean Kultur Etxean.