Eguraldia lagun jende aunitz bildu zen San Antongo ospakizunean

TTIPI TTAPA 2008ko urtarrilaren 21a

Lesakako Endara auzoko ermitara hainbat mendizale hurbildu zen

Igandean Lesakako Endara auzoko San Anton ermitan ospakizuna egin zen. San Anton, animalien zaindaria da eta gure eskualdean debozio handia diote. Ortzegunean ospatu zen berez eta Elizondo eta Zubietan ohiko ohiturei eutsi zieten. Aspaldiko urteetan, astegunez egokitzen denean, igandera paratu izan da eta honela, ekitaldia jendetsuagoa suertatzen da.

Mota honetako erromeriek eguraldia lagun izatea ezinbertzekotzat dute, dena kanpoan egiten baita. Zorionez, aurten halaxe izan da eta astean zehar izandako euri erauntsiak alde batera utziz, zoragarri ernatu zen eguna. Ziur hau ikusita jende gehiago animatu zela. Errepide bazterra baliatu zuten saltzaileek beraien produktuak erakutsi, eta noski, saltzeko. Batzuk autoa hartu eta urtegiraino joan ziren, baina gehienek eguraldi ederrak eskaintzen zuen aukera aprobetxatuz, oinez egin zuten bidea.

Adin desberdineko jendea hurbil zen, haurrak, gazteak, helduak…eta baita zakurrak ere. Zubia zeharkatu eta denek ermitarako bidea egin zuten. Ermita inguruan ere, erroskila eta goxo saltzaileak ez ziren faltatu. Eta jende artean izugarrizko arrakasta lortzen duten taloek ere ez zuten hutsik egin aurtengo erromerian. Debozio edo ohitura kontua ote den eztabaidatu gabe, egia dena da egun honetan aunitz jende biltzen dela.

Batzuk elizkizuna entzun eta tragoxka bat hartzen dute, eta besteek mendi ibilaldi ederraz gozatu eta famili-giro atseginaz gozatzen dute. Azkenean, dantzaldia izan zen Modesto soinu jolearekin. Nonbait, jendea ez zen sobera nekatu mendian eta dantza egiteko nahiko indar izan zuten.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun