Urtarrilaren 19an, larunbat arratsaldean, “Errepresioa ez da bidea, Aski da!” lemapean manifestazio jendetsua egin zen Lesakako karriketan. Pankarta eramaten, garai ezberdinetan, baina beti inkomunikaziopean torturak salatu dituzten lagunak zeuden. Gibeletik, 500 bat lagun ibili ziren Lesakako karriketan barna, torturaren eta lege antiterroristaren kontrako eta Mattin Sarasola eta Igor Porturen askatasunaren aldeko oihuak eginez. Horietako aunitzek, Lesakako sarreran Guardia Zibilak ezarri zuen kontrol handia gainditu behar izan zuten. Plazara ere hurbildu ziren guardia zibilak, nonbait, karteletan ezin baitzen amnistiaren aldeko edo Askatasunaren ikurrik agertu. Halakorik ez zenez, arazorik gabe egin ahal izan zen manifestazioa.
Behin manifestazioa bukatuta, Xotero Etxandik hartu zuen hitza eta Espainiako Gobernua salatu zuen, «independentziaren aldeko borroka deusezteko euskaldunen kontrako biolentziarik ankerrena» erabiltzen duela aipatuz. Tortura euskaldunei sistematikoki egiten zaien praktika ere gogorarazi zuen. Hori edozein estatu demokratikotan eskandalugarria izanen zela aipatu ondotik, estatu espainola ez dela demokratikoa azpimarratu zuen.
Zoritxarrez, Igor eta Mattinen kasuak ez direla lehenak eta ez direla azkenak izanen ere, azaldu zuen Xotero Etxandik. Lesakan bezalaxe, Iruñean ere egin zen manifestazioa larunbatean eta 2.000 lagun bildu ziren.