Torturaren kontrako manifestazioa deitu du Askatasunak larunbatean Lesakan

Utzitako argazkiak 2008ko urtarrilaren 18a

Ortzegunean egindako prentsaurrekoan, garai ezberdinetan inkomunikaziopean torturak salatu dituzten hainbat lagun izan ziren. TTIPI TTAPA

Plaza Zaharretik abiatuko da 19:00etan eta Iruñean bertze bat izanen da 17:30ean

Torturaren kontrako bi manifestazio deitu ditu Askatasunak larunbat honetarako, urtarrilaren 19rako. Bata, arratsaldeko 17:30ean eginen da Iruñeko autobus geltokitik abiatuta eta bigarrena, arratsaldeko 19:00etan, Lesakako plazatik. Manifestazio hauen bidez, inkomunikazioa eta legedi antiterrorista ezabatzea ere eskatu nahi du Askatasunak.

Ortzegunean Iruñean egindako prentsaurrekoan, garai ezberdinetan, baina beti inkomunikaziopean torturak salatutako lagunak zeuden, tartean Xotero Etxandi eta Bitto Jauregi baztandarrak, Josu Unsion beratarra edo Joxe Erregerena iturendarra. Torturaren erabilera sistematikoa dela azpimarratu nahi izan zuen Xotero Etxandik eta, Igor Portu, Mattin Sarasola, Gorka Lupiañez edo Burlatan atxilotutakoen testigantzak gogorarazi zituen.

Mattin Sarasolaren testigantza

Ortzegunean, Amnistiaren Aldeko Mugimenduak Mattin Sarasola lesakarraren testigantza argitara eman zuen. Sarasolak Grande Maslaskari egindako deklarazioak Igor Porturen berdinak zirela onartu zuen epaileak. Mattinek aipatutakoaren arabera, hainbat kolpe, boltsa, umiliazioak eta oihuak jaso zituen guardia zibilaren esku egon zen egunetan eta hori salatuz gero, anaia atxilotzearekin mehatxatzen zuten.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun